Santos ez da aurkeztuko Nafarroako Ahal Dugu-ko zuzendaritza berrira

Zuzendaritza berriari «denbora gehiago eta lanerako baldintza hobeak» utzi nahi dizkio Santosek. Zortzi hilabete aurreratuko ditu primarioak

Eduardo Santos, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Eduardo Santosek Nafarroako Ahal Dugu-ren idazkaritza nagusi kargua utziko du. Hala aurreratu zuen atzo primarioak udazkenean egingo dituztela jakinarazteko agerraldian. Alderdiko azken bozak 2017ko maiatzean egin zituzten sektore ofizialaren eta kritikoen arteko lehia bizian, eta, alderdiko estatutuen arabera, handik lau urtera egin beharko lirateke hurrengoak. Alegia, datorren urteko maiatzean. Deialdia, ordea, zortzi hilabetez aurreratu du egungo idazkari nagusiak, zuzendaritza berriari «denbora gehiago eta lanerako baldintza hobeak» utzi nahi baitizkio. Santos Nafarroako Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilaria ere bada, eta kargu hori izaten jarraituko du aurrerantzean ere.

«Nafarroako Ahal Dugu-n garai berri bat zabaldu behar da ahal bezain laster; ideologikoki indartu beharra daukagu, gizarteak aurrez aurre dituen erronkei aurre egiteko», esan zuen Santosek. Gogotsu dagoen jendeari lekua utzi nahi diola azaldu zuen, eta ziklo politikoen aldaketek pertsonei ere eragiten diela: «Konpromiso etikoaren barruan sartzen da, baita ere, pertsonok ez dugula gure karguetan betikotu behar».

Agerraldia aprobetxatuz esan zuen Ahal Dugu Nafarroako «aldaketaren bermea» dela, eta egun parte diren koalizio gobernuan «eroso» daudela nabarmendu zuen: «Gure iritzia errespetatzen da, eta lorpen sozialak eskuratzeko gure ekarpenak aintzat hartzen dira».

Urte gatazkatsuak atzean

Ez da ahaztu behar Nafarroako Ahal Dugu-n urak oso harro ibili direla azken urteotan. Idazkari nagusia aukeratzeko azken barne hauteskundeetan, 28 boto eskasen aldearekin, Eduardo Santos nagusitu zitzaion Laura Perez ordura arteko idazkari nagusiari. Podemosen eta Ahal Dugu-ko ildoen arteko orekak irauli zuen horrek, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sokakoa nagusitu baitzitzaion antikapitalisten sektorekoari.

Lehia ez zen hor amaitu. Perezen eta beste hamalau kideren aurkako salaketa aurkeztu baitzuen militante batek, «alderdiari akabera ematea eta gerra zikina egitea» egotzita. 2018ko urtarrilean, alderdiko Berme Demokratikoen Batzordeak ustezko irregulartasunak atzeman zituen Perezen parlamentari jardunean, eta alderditik kanporatu zuen. Gatazkak bitan banatu zuen talde parlamentarioa: zuzendaritzaren ildoarekin kritikoak ziren lau ordezkari eta ildo ofizialistako hiru.

2019ko hauteskundeetan, Ahal Dugu-k galera handia izan zuen: zazpi parlamentari izatetik bi izatera igaro ziren. Gobernu koalizioan alderdiak duen ordezkari bakarra da Santos.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.