Luxuzko etxebizitza proiektu bat salatu du EH Baik Ahetzen

Laborantza lurrak desagerrarazi eta bigarren etxebizitzak eraikiko dituztela salatu dute. Apirilean onartuko dute Bizitegien Tokiko Plana

EH Baiko kideen prentsaurrekoa Ahetzen, atzo. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun

Lur saldua, betiko galdua dio erran zaharrak. Arrisku hori ikusten du EH Baik, Ahetzen (Lapurdi) egin nahi duten etxebizitza proiektuan. Gaur egun laborantzarako diren lurretan etxaldea bota eta luxuzko hamar etxe eraikitzeko proiektua du sustatzaile pribatu batek. «Ez da dudarik, bigarren etxebizitzak izanen dira», deitoratu du EH Baik, eta Euskal Hirigune Elkargoan lantzen ari diren Bizitegien Tokiko Planaren eztabaidan kokatu du.

[YouTube]https://youtu.be/B0IW3kJa6dU[/YouTube]

Lapurdiko etxe zaharren itxura du Larre Luzea etxaldeak. Gaur egun ez da inor bizi, eta egoera txarrean da eraikina. Inguruko lurrak laborantza jardueretarako erabiliak dira, baina azken urteetan eraikigarri bilakatu dituzte horietako batzuk, 2019ko uztailean onartu zuten hirigintza planaren bidez. Lurren zati batean ofiziale eremu bat sortu nahi dute, eta etxaldeari sailkapena aldatzeko aukera ere aurreikusi zuten.

Lurren jabeak etxaldea sustatzaile bati saldu nahi dio, eta horrek eraikitzeko baimena eskatu dio herriko etxeari. Atzo zen biltzekoa Natura, laborantza eta oihan eremuen babesteko departamendu batzordea, Pauen (Biarno), etxaldearen eremua eraikigarri bilakatu ala ez erabakitzeko. «Hemen den laboraria jadanik mehatxatua da ofiziale eremuaren proiektuarekin; orain, bigarren eraso zuzena du. Proiektuak aitzina egiten badu, laborantza jarduerak ez du irauten ahalko hemen», azaldu du Nikolas Blain EH Baiko kideak. Lurrak ustiatzen dituen laborariaren seme bat ikasketak bukatzen ari da, eta segida hartzeko gogoa luke, bertan bizitzeko proiektuarekin.

Elkargoan eztabaida

Azken urteetan gisa horretako proiektu andana izan dira Ipar Euskal Herrian, eta eragile batek baino gehiagok salatu izan du laborantza lurren desagerpena. Arazo hori azpimarratu du Euskal Hirigune Elkargoan lantzen ari diren Bizitegien Tokiko Planak ere. «Diagnostiko oso bat egin da; lehen aldia da horrelako argazki zehatza dugula. Bagenekien egoera larria bizi dugula, baina datu objektiboei begiratuta, bada beldurtzekoa. Merkatu libreak eragiten dituen ondorio sozial eta ekologikoak onartezinak dira», salatu du Blainek.

Udazkenetik ekarpenak egiten ari dira herriko etxeak. Diagnostikoarekin gehienek bat egiten badute ere, gauzapenari buruz kritika zorrotzak agertu dituzte batzuek. Ondoko asteetan EH Baik iritzia emanen du gaiaz. Ekarpenak kontuan hartuta, apirilean izanen da lehen bozka elkargoan, eta udazkenean behin betikoa. Bizitegien arloan Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan ondoko sei urteetan izanen den estrategia ezarriko du dokumentuak.

Iazko abenduan, higiezinen agentzia baten aitzinean bildu ziren EH Baiko kideak, Angelun (Lapurdi), hark zabaldutako iragarki bat salatzeko. «Lurra eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko erantzun kolektiboak beharrezkoak direla azpimarratu genuen, bakoitzak hartu beharko zituela bere ardurak: promotoreek, agentziek, etxe egileek, baina baita tokiko hautetsiek ere, herrietan, elkargoan edo Frantziako Asanblean», ohartarazi du Blainek. «Denak dira arduradun, edo hobeki erran, denek dute erantzukizun bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.