Hiru ume dituen familia bat etxetik kanpora dezaketela salatu dute

Egoera konpondu ezean, apirilaren 1ean kaleratuko dituzte. Bilboko Santutxu auzoan bizi dira

Kaleratzeko arriskuan dagoen emakumea, erdian, AZETeko kide eta auzokideek lagunduta. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak salatu du familia bat kalean gelditzeko arriskuan dagoela Santutxu auzoan, etxeko jabeek auzitara jo dutelako eta familia kanporatzeko eskatu dutelako. Etxegabetzeak badu data: apirilaren 1ean egingo dute, lehenago egoera konpontzen ez bada.

Senar-emazteek eta 7 urteko, 6 urteko eta sei hilabeteko seme-alabek osatzen dute familia. Azaldu dutenez, denbora luzea eman dute etxebizitza duin baten bila, «bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxeetan», eta «onddo eta hezetasun artean» bizitzen.

Orain Basarraten (Santutxu, Bilbo) bizi dira, eta, esan dutenez, etxebizitza alokatu zutenean «hainbat irregulartasun» gertatu ziren, etxejabeen aldetik zein etxe agentziaren aldetik. Alokairu kontratua sinatu eta gutxira jakin zuten etxea bahitzeko prozesua abiarazita zegoela.

«Bizitzeko leku bat»

AZETeko kideek salatu dutenez, horren aurrean erakundeek emandako irtenbide bakarra izan da ostatu bateko gela bat eskaintzea familiari. «Guk ez dugu lo egiteko leku bat behar: guk bizitzeko leku bat behar dugu», esan du kaleratua izateko arriskuan dagoen emakumeak.

AZET taldeak «eskuak garbitzea» eta «erantzukizunik hartu nahi ez izatea» leporatu die etxeko jabeei; CaixaBank bankuari, berriz, etxeaz jabetu nahi izatea eta «egoera goitik kontrolatzea» egotzi diote.

«Gero eta jende gehiago gaudemiseriara kondenatzen gaituzten etxejabeen gehiegikerien sistematizazioarekin nazkatuta», esan dute AZETeko kideek, eta beren aldarrikapenak azaldu dituzte: kaleratze agindua «berehala» geldiaraztea, eta erakundeek «bizitzeko alternatiba duin bat eskaintzea, ostatuko gela bat ezin baita etxebizitzatzat hartu». Taldeak iragarri du martxoaren 26an mobilizazioa egingo dutela Santutxun, kaleratze horren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.