Koronabirusa

«Higadura» sumatzen ari dira

Izurriak erizainen osasun fisikoa eta mentala okertu dituela dio SATSEk egindako ikerketa batek

Erizain talde bat Galdakaoko ospitalean (Bizkaia), COVID-19a duten gaixoak artatzeko gune batean. ANDONI LUBAKI/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
COVID-19aren aurkako lehen lerroan egon dira hasiera-hasieratik, eta hilabete hauetan guztietan lan gainkarga eta tentsio handia pairatzearen ondorioak orain ari dira azaleratzen. Erizainen osasuna «nabarmen okertu» da izurria hasi zenetik, dela maila fisikoan, dela psikologikoan. Horixe utzi du agerian SATSE erizainen sindikatuak sektoreko profesionalen artean egin berri duen inkesta batek: hamar erizainetik zazpik neke profesionalaren sindromea sufritzen dute, eta hamarretik ia bederatzi estresatuta daude. Antsietateak, beldurrak edo larritasunak ia profesional guztiei eragiten die.

Sindikatuak erizainen osasun psikologikoa eta fisikoa aztertzeko ikerketak egiten ditu aldiro, eta azken urteetako datuek joera argi bat marraztu dute: hobetu beharrean, okerrera egin duela erizainen osasunak, nabarmen. COVID-19aren krisiak are gehiago larriagotu ditu erizainen lan baldintzak, eta makurragoa da orain profesional horien osasun egoera. Ikerketaren arabera, azken hilabeteetan 13 puntu hazi da lanarekin «nekatuta» egotearen sentsazioa; zehazki, % 56tik %69ra. Estresa, berriz,% 78tik %88ra igo da, hau da, hamar puntu. Era berean, «akidura emozionala» areagotu egin zaiela diote kontsultatutako hamar erizainetik ia bederatzik. Aldiz, urtebetean ia hamar puntu txikitu da erizain bakoitzak bere unitate, zerbitzu edo osasun zentroan egiten duen lanarekiko atxikimendua, eta orain hamar erizainetik lauk baino ez dute lotura hori sumatzen.

Datuon atzean arrazoi ugari daude, baina bat nabarmendu du Encarna de la Maza EAEko SATSEko antolakuntza idazkariak: lan karga handia dute. Erzain-pazienteen ratioa oso txikia da, eta egungo langile kopuruarekin nekez egin ahal diezaiokete aurre lan zamari: «Orain osasun sistemara jotzen duten gaixoek arreta handia eskatzen dute, baina bi erizain gaude 30 paziente artatzeko, eta kopuru horrekin oso zaila da behar duten arreta eskaintzea». De la Mazak esplikatu du izurriak modu gordinagoan azaleratu dituela sektoreak lehendik zituen gabezia asko, eta horrek emozionalki eta psikologikoki arrasto sakona utzi diela. «Gaixoei merezi duten zaintza ezin emateak estres handia eragiten digu».

Erizainak hilabete luzez aritu dira lanean birusarekin ez kutsatzeko babes material egokirik gabe, eta horrek «beldur» sentsazioa areagotu die. «Berrerabili ezin ziren maskarak berrerabili ditugu, etxean egindako jantziak eraman ditugu... Eta, horrekin batera, etxekoak kutsatuko genituen beldur izan gara», laburbildu du De la Mazak.

Lanarekin «nekatuta» egotearen sentsazioaren atzean aldagai bat baino gehiago dago, baina horietako bat azpimarratu du SATSEko arduradunak: erizaintza lanbide feminizatua da, eta zaintzaren ardura nagusiki emakumeek dute. «Gure lanean besteak zaintzen ditugu, baina etxean ere, zaintza lanen ardura gurea da nagusiki. Gainera, txandaka egiten dugu lan, eta familia eta lana bateratzea oso zaila egiten zaigu».

Adina ere kontuan hartzeko beste faktore bat dela azaldu du. Osakidetzan, erizainen batez besteko adina 50 urte da, eta horrek ere eragina dauka erizainen nekean.

«Gainezka egin dute»

Izurriak larriagotu egin ditu erizain gehienek pairatzen dituzten sintomak, fisikoak zein psikologikoak. SATSE sindikatuaren inkestak jasotzen duenez, maila fisikoan, besteak beste, honakosintoma hauek areagotu dira: giharretako tentsioa, gosearen edo loaren alterazioak eta arazoak sexu harremanetan. Maila emozionalean, berriz, urduritasuna, antsietatea, beldurra, larritasuna, suminkortasuna, eta kontzentrazioa lortzeko zailtasuna aipatu dituzte. Zehazki, galdetutako erizain gehienek adierazi dute horrelako sintomak pairatzen dituztela, eta erdiek baino gehiagok aitortu dute maiz edo oso maiz pairatzen dituztela. Hamarretik bederatzik, berriz, aitortu dute pandemiaren ondorioz «gainezka egin» dutela.

SATSEko bozeramaileak nabarmendu du COVID-19aren pandemiak «presio eltze» bilakatu duela erizainen lana, eta inor ez dela arduratu euren osasunarekin: «Besteak zaintzeaz arduratzen gara, baina gu zaintzeaz ez da inor arduratzen. Izurria amaitzen denean, osasun arloko profesionalak sartu beharko ditugu ZIUetan».

Inkestak administrazio publikoengan jarri du fokua, bereziki: leporatu die ez dutela nahikoa egin erizainen lan baldintzak eta baldintza profesionalak hobetzeko, eta exijitu die egiturazko neurriak abian jar ditzatela egoera hori aldatzeko. «Urte luzez osasun sistema publikoa hondatzen egon dira, zerbitzuak pribatizatuta, besteak beste. Egoera honetan bete-betean harrapatu gaitu pandemiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.