Foro Sozialak «kortserik gabeko» sekretu ofizialen lege bat eskatu du

Foroaren ustez, biktima batzuk «diskriminatuak» izango dira legegaiaren zirriborroa onartuz gero

Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea, urtarrilean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Sekretu Ofizialen Legea moldatzeko zirriborro bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua, asteburuan zabaldu denez. Horren arabera, gobernuak bere esku izan nahi du agiriak desklasifikatzeko edo sekretupean uzteko azken erabakia, lege berrian «salbuespenak» egiteko aukera jasota. Horien artean legoke GALi buruzko dokumentazioa. Hori jakinda, «kortserik gabeko» sekretu ofizialen lege bat egiteko eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak, eta, «nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, giza eskubideen urraketen biktimen arteko bereizkeriarik ezaren printzipioa» defendatu du: «Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea eta ez errepikatzeko bermeak izateko eskubidea».

Argitaratutako informazioak baieztatuz gero, GALen eta torturaren biktimak aurrerantzean ere «diskriminatuak» izango direla uste du Foro Sozial Iraunkorrak, eta «egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea urratua» izango da berriro: «Sekretu Ofizialen Legearen erreformak ez luke izan behar kortserik, eta nazioarteko ohiko parametroak jaso beharko lituzke, biktima guztien eskubideak bermatu ahal izateko».

Era berean, foroak gogorarazi duenez, estatuak eragindako indarkeriaren biktimek Mikel Zabalzaren senideek, adibidez adierazi dute «lege horren erreforma modu bideragarrietako bat» dela haien kasuetako «egia agerian jartzeko». Horri lotuta, gogorarazi du Nafarroako Parlamentuan mozio bat onartu zutela martxoan: «Espainiako Gobernuari Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatzen zion, gardentasunez jakiteko 1985ean Zabalzaren heriotzaren inguruan izandako xehetasunak, beste demokrazia aurreratu batzuek egin duten moduan, hala nola Erresuma Batuak, Italiak eta Alemaniak». PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aldeko botoa eman zuten. Navarra Suma izan zen aurka agertutako talde bakarra.

Gainera, Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi du ezen, Espainiako Kongresuan jarduerari berrekiten diotenean, gehiengoa osatzen duten talde parlamentarioei zuzenduko zaiela, batetik, Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioaren berri emateko eta, bestetik, adostasunaren alde lan egin dezatela eskatzeko, gai horren inguruko nazioarteko parametroak bilduko dituen sekretu ofizialen lege bat bermatzearren».

Egungoa, «onartezina»

Ahal Dugu-k legea erreformatzeko beharra azpimarratu du. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, adierazi du «onartezina» dela «lau hamarkadako demokraziaren» ondoren frankismo garaiko Sekretu Ofizialen Legea indarrean egotea: «Unidas Podemosekoek horrela defendatu dugu kongresuan, eta horrela defendatuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.