EH Bilduk estatutuaren «agortzea» nabarmendu du; PSE-EEk, ekarpenak

Urkulluk azaldu du «bete gabe» dagoela eta 30 eskumen lekualdatzeke daudela oraindik ere. PPk estatutuaren «deuseztatze» nahia salatu du

Maddalen Iriarte EH Bilduko eleduna, atzo, Gasteizen. EH BILDU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
42 urte bete ziren atzo Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernua arautzen duen Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta, haren urteurrenean, estatutuaren ekarpenak eta gabeziak nabarmendu zituzten alderdiek. EH Bilduk ekitaldi bat egin zuen Gasteizko Santa Barbara plazan, eta estatutuaren «agortzeaz» ohartarazi zuen, bertzeak bertze, ez delako konplitzen: «42 urte horiek ez betetze baten historia gisa laburbil genitzake. 42 urte geroago, 30 bat eskumen transferitu gabe daude oraindik, eta horien artean dago Gizarte Segurantzaren kudeaketarena».

Labur bada ere, urteurrenari erreferentzia egin zion Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Topaketa izeneko egitasmoaren barruan. Sare sozialetan eta Irekia webgunean, herritarren galderei erantzun zien, eta autogobenuari dagokionez estatutuak «bete gabe» jarraitzen duela deitoratu zuen. Berez, galdetu zitzaion zer asmo zuen kirol arloko selekzioak babesteko. Urkulluren esanetan,«Euskadi Basque Country edo kirol arloko euskal selekzioen ofizialtasuna helburu bat da, eta duela 42 urte berretsi zen estatutuaren hitzarmenaren izpirituari erantzuten dio xede horrek». Gaineratu zuen «ia 30 eskumen» lekualdatzeko daudela eta estatutua osorik betetzeko konpromisoa duela, «bai edukian bai izpirituan».

Subiranotasun handiagoa galdegin zuten atzoko ekitaldian Maddalen Iriartek eta Iñaki Ruiz de Pinedok, eta salatu zuten EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin adosturiko estatus berri baterako printzipioei buruzko akordioa «tiraderan ezkutatu» nahi dutela, «ezer alda ez dadin»: «Arduragabekeria politiko izugarria da, erabaki horretan euskal herritarrak baitira kaltetuak». EAJri eskatu zioten «argitu» dezala zer egin «nahi» duen estatus berriarekin. Iriarteren eta Ruiz de Pinedoren ustez, izan ere, estatus politiko berria ez da «kapritxo nazionalista» bat, «herri gisa» duten «behar» bat baizik. Azaroaren 20rako Bilbon deitua duten manifestaziora joateko deia egin zieten herritarrei.

PSE-EEk bideo baten bidez oroitu zuen atzo estatutuaren urteurrena, eta Idoia Mendia idazkari nagusiak harekiko «konpromiso jarraitua, zintzoa eta arrakalarik gabea» berretsi zuen. Haren ustez, hain justu, estatutuak «denen aterki» izan behar du: «nazionalistena eta ez nazionalistena». PSE-EEk azpimarratu zuen «sozialistak gaur egungo Euskadi eraiki duten akordio guztietan» egon direla: «Erabaki sozialista bakoitzak Euskadi eraikitzeko balio izan du, beste batzuek pertsonalki suntsitu nahi gintuzten bitartean». «Terrorea» aipatu zuten bideoan, Mendiak berak joan den astean Gernikan (Bizkaia) ETAren jardun armatuaren bukaeraren urteurrenean egindako hitzaldiko solasak erabilita, eta PSE-EEren jardun politikoarekiko kontrakotasunean jarri dute ETArena: «Haien legatua hilerrietan dago; gureak Osakidetza, eskola publikoa, Ertzaintza eta konkistaturiko eskubideak dira»

PP, EAJri eta EH Bilduri so

PPk Gernikako Juntetxean egin zuen atzo ekitaldia, eta Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak adierazi zuen estatutua «elkargune eta autogobernu tresna» dela. Kezkatuta agertu zen, ordea, haren ustez EAJ eta EH Bildu «maniobra bat egiten» ari direlako Gernikako Estatutua «deuseztatzeko». PPren iritziz, euskal abertzaleek «gaur egungo euskal gizartearekin bateragarria ez den» estatutu batekin ordezkatu nahi dute gaur egungoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.