Bilboko Metroak deskontuak egingo ditu irailetik aurrera

Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezarriko dituen irizpideen zain daude, deskontuak nola egin finkatzeko. Garraio publikoa sustatzea da xedea

Erredakzioa
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Bilboko Metroa elkarte publikoaren ardurapean dauden L1 eta L2 lineetan ere deskontuak egingo dituzte irailetik aurrera, energia aurrezteko eta garraio publikoak sustatzeko neurrien harira. Oraindik ez dute zehaztu nola egingo duten: Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezarri behar ditu horretarako irizpideak, baina, printzipioz, Bilboko Metroaren borondatea da gainerako garraio publikoetan ezarriko diren hobariak beraiek ere aplikatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak garraio publikoetan aplikatuko dituen deskontuen berri eman zuenean, Bilboko Metroaren L3 linea baino ez zuen aipatu prezioak murriztuko dituzten garraiobideen zerrendan. Linea hori ez du Bilboko Metroak kudeatzen, Eusko Trenbideak enpresak baizik.

Hala ere, Bilboko Metroak BERRIAri jakinarazi dionez, hura ere prest dago kudeatzen dituen A1 eta A2 lineetan aipatutako deskontuak aplikatzeko, betiere Bizkaiko Garraio Partzuergoak erabakitzen duena aintzat harturik eta harekin koordinatuta.

Bi linea horiek dira gehien erabiliak, eta sare osoaren erabiltzaileen %95 inguru hartzen dituzte.

Herenegun, Metro Bilbaoko langile batzordeak elkarretaratze bat egin zuen langileen aurkako erasoak areagotu direlako eta konponbideak eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.