Funtzionarioei euskara eskatzea babestu du Nafarroako Auzitegiak

Atzera bota du Afapnaren helegitea. Geroa Bai «pozik» agertu da, euskara Nafarroako «berezko» hizkuntza dela aitortu duelako auzitegiak

Euskararen alde iazko abenduan Iruñean eginiko manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU.
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako administrazio publikoan administrazio laguntzaile bati euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna galdegitea babestu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Hori ahalbidetzeko, langile talde organikoan aldaketa bat egin zuen Nafarroako Gobernuak, eta horren kontrako helegitea aurkeztua zuen Afapna funtzionario publikoen sindikatuak, baina auzitegiak atzera bota du.

«Pozik» agertu da Geroa Bai epaiarekin. Batetik, «zentzuzko» ikusten duelako erabakia: «Euskara eskakizun izatea babesten du, euskararen beharra justifikatuta baldin badago». Bestetik, «garrantzitsutzat» jo du Auzitegi Nagusiak nabarmendu izana euskara Nafarroako «berezko» hizkuntza dela: «Beraz, administrazioak bere plantilla organikoko postu batzuei euskara eskakizuna jar diezaieke, teknikoki justifikatuta dagoenean».

Izan ere, Geroa Bairen esanetan, «begien bistakoa» da Nafarroako administrazioko funtzionario batzuek bi hizkuntzak —bai euskara eta bai gaztelera— jakin behar dituztela, «herritarrekin zuzenean lan egiten dutelako zerbitzu publikoan».

Ildo horretan, Geroa Baik Afapna sindikatuaren jarrera kritikatu du: «Euskararen alde egiten diren berrikuntza guztien aurka» agertzen dela adierazi du, baina erantsi du epaiak sindikatuaren jokabidea «zuzendu» duela nolabait. Alderdiarentzat, «oso positiboak» dira Nafarroako Gobernuak administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko eman dituen pausoak, «Afapnak eta oposizioak erakusten duten euskarafobiaren gainetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.