Maravillas gaztetxeak eta gobernuak elkarri egotzi diote hitz egin nahi ez izatea

«Errepresioaren bidea» hartu du gobernuak, gaztetxeko asanbladaren ustez. Gaztetxea defendatu du LABek, eta elkarrizketara deitu du
Maravillas gaztetxea, barrutik, artxiboko irudi batean.
Maravillas gaztetxea, barrutik, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2018ko abuztuak 10
Iruñeko Maravillas gaztetxearen inguruko blokeoa elkarri egotzi diote azken orduotan proiektu autogestionatuko kideek eta Nafarroako Gobernuak. Gaztetxekoek agerraldi bat egin zuten asteazkenean, Uxue Barkosen taldeari eskatzeko geldiaraz zezala gaztetxea husteko prozesua, eta herenegun Maria Solana gobernuko bozeramailea mintzatu zen: «Erabateko konfrontazio jarrera batean dago [gaztetxeko asanblada]; bere adierazpenetan aipatzen duen elkar ulertzeari ez dio tarte handirik utzi». Haserre erantzun zioten gaztetxekoek atzo, ohar bidez: «errepresioaren bidea» hartzea egotzi zioten.

Asanbladako kideek gogora ekarri zuten Rozalejo markesaren jauregia okupatu eta biharamunean jarri zuela gobernuak helegitea, iazko irailean: «Horrek argi utz dezake gobernuaren elkarrizketarako prestasuna zer-nolakoa izan den». Erantsi dute bitartekaritza prozesuan negoziatzen jardun zutela bi aldeek, baina gobernuak eskaintza «bakarra» egin ziela: «'Alde egin, eta ordain itzazue kalteak'». Solanak herenegun aurpegiratu zien gobernua auzitan jartzea: «Beste gobernu baten garaian ainguratuta daude». Bozeramaileak ez zuen ukatu gaztetxea hustuko dutenik: «Gerta daiteke, eta, segur aski, gertatuko da, baina ez haiek aurreikusi duten giroan».

Bestalde, LAB sindikatuak gaztetxea babestu du: «Erabilerarik gabeko eraikin publiko batean sustatutako gizarte proiektu bat da». Eraikina husteko agindua bertan behera uzteko eskatu dio gobernuari, eta elkarrizketarako deia egin du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna