Badian Bizi plataformak fiskaltzan salatu du Pasaiako portuko sutea

Badiako bizilagunek salatu dute «osasunaren eta ingurumenaren kontrako delitua» izan zela. Ikerketa bat abiatzeko eskatu dute

Badian Bizi koordinakundeko herritarrak, epaitegien aurrean. JON URBE / FOKU.
Donostia
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salaketa jarri du Badian Bizi koordinakundeak, Oiartzualdeko (Gipuzkoa) zenbait bizilagunek osatutako taldeak, eta eskatu du ikerketa bat abiatzeko abuztuaren 2an Pasaiako portuan izaniko sutearen inguruan. Salaketarekin batera, Portuak kalte egindako ehun bat herritarren sinadurak aurkeztu dituzte auzitegian.

Epaitegira sartu aurretik, Josu Pikabea eta Karmen Clemente Badian Biziko kideek azaldu dute «osasunaren eta ingurumenaren aurkako delitua» izan zela sutea. Hain zuzen ere, Lezoko kaian zegoen txatar multzo batek su hartu zuen, Erresuma Batutik iritsitako itsasontzi bat zama deskargatzen ari zela. Blokeetan trinkotutako ibilgailuak zekartzan; 2.000 tona, zehazki. Ke adar handi bat eragin zuen suak, inguruko herrietatik ikus zitekeena. Larrialdi zerbitzuek gomendatu zuten inguruko leihoak ixteko.

Era berean, salatu dute sutea «oso larria» izan zela, eta instituzioek ez zietelainformaziorik eman herritarrei. Hortaz, fiskaltzaren esku utzi dute auzia, sutea «argitzeko» eta «erantzuleak bilatzeko» eskatuta. «Oraindik ez dakigu sutean ze material erre zen, ezta ze partikula isuri ziren ere airera eta uretara». Gogora ekarri dituzte Lezoko airearen kalitatea neurtzeko gailuak abuztuaren 2an hartutako datuak: «Legeak onartutakoa halako hiru izan zen airean zegoen partikula kutsakorren kantitatea». Horrez gain, galdetu dute ea zer ondorio dituen sua itzaltzean erabilitako ura badiara isuri izanak.

Herritarrek espero dute portuak eragindako kalteen aurrean «neurri zuzentzaileak» hartzea, eta «erantzuleek zigorra ordaintzea». Argitu dute Pasaiako Portuko Agintaritza bizilagunengana «hurbiltzen» saiatu dela; haiekin biltzeko asmoa azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.