Maravillas gaztetxearen auzia ez artxibatzea ebatzi du Nafarroako Auzitegiak

Eraikinaren okupazioa «usurpatze delitu arin bat» izan daitekeela uste du epaileak. Geroa Bai: «Gobernuaren jarduna berretsi du epai honek»

Gaztetxeko kideak, hustearen ondoren eraikinera berriz sartzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Auzia ez dute itxiko. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du gobernuak jarritako helegiteari men egin eta Maravillas gaztetxeari buruzko auzia ez artxibatzea. Hortaz, gaztetxearen aurkako prozedura judizialari bide emanen dio berriz ere. Epailearen arabera, Nafarroako Gobernuak eraikina husteko agindua «segurtasun arrazoiengatik» bertan behera utzi izanak ez du zertan auzibidea geldiarazi. Are: Rozalejoko markesaren jauregiaren okupazioa «usurpatze delitu arin bat» izan daitekeela gaineratu du magistratuak.

Gaztetxearen aurkako salaketa aurkeztua zuen Uxue Barkosen gobernuak; abuztuan, ordea, eraikina indarrez husteari uko egin ostean, epaileak artxibatu egin zuen auzi osoa, gobernuak okupazioa «onartzen» zuela ulertuta. Artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu zuen orduan gobernuak, huste «adostu» bat nahi zuela argudiatuz. Epaileak arrazoia eman dio orain.

Ez dago argi zein izanen den erabaki judizial horren eragina, gaur-gaurkoz ez baitago gaztetxea husteko agindurik. Nafarroako Auzitegiak emandako ebazpenaren arabera, gainera, kautelazko neurri hori «agortuta» dago jada. Gobernuaren asmoa zen eraikina husteko agindua indarrean mantentzea, baina «behin-behinean etenda». Epaileak erantzun dio hori ezinezkoa dela: «Hustea kautelazko neurri bat izan zen, berehalako erantzuna eskatzen zuen egoera zehatz baten aurrean [...]. Neurri horrek, baina, bere funtzioa bete zuen, eta iraungita dago».

Geroa Bai, pozik epaiarekin

Nafarroako Auzitegiaren erabakiaren balorazio positiboa egin du Geroa Bai koalizioak. Koldo Martinez parlamentuko bozeramailearen esanetan, ebazpenak berretsi egin du «gobernuaren jokabidea zuzena eta arduratsua izan zela prozesu osoan».

Martinezen ustez, bestalde, epaiak «eraitsi egin ditu UPNk, PSNk eta PPk Nafarroako Gobernua higatzeko xedez eginiko akusazio larriak». Geroa Baiko eledunak gaineratu du Maria Solana kontseilariaren aurkako estrategia bertan behera utzi duela auzitegiak: «Etikaren muga guztiak gainditu zituen UPNk, hauteskundeetan etekina ateratzeko xedez Solanaren aurkako kereila aurkeztuta». Ardura eskatu die Iruñeko Udalari eta laukoari, auzia «elkarlanean» konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.