Euskara eskakizuna ezarri du Nafarroako Gobernuak 55 funtzionario postutan

Batez ere, osasun arloko lanpostuei ezarri diete profil linguistikoa. PPk neurria kritikatu du: «Euskaldunez kolonizatu nahi dute administrazioa»

Mediku euskaldunak eskatzeko protesta bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Urrats txiki bat egin du Nafarroako Gobernuak euskara administrazioan arautzen duen foru dekretua aplikatzen hasteko. Lantalde organikoko zenbait lanposturen hizkuntza profila zehaztu du dekretu bidez, eta, hortaz, euskara eskakizun izanen da aurrerantzean administrazioko 55 postu gehiagotan. Abenduaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen neurria, eta, atzotik, indarrean dago.

Lanpostu elebidun berri gehienak lantalde organikoan zeuden lehendik ere, baina hizkuntza eskakizuna aldatu diete. Osasun Departamentukoak dira gehienak: erizain espezialista lanpostu bat Nafarroako Osasun Publikoaren Instituturako; zazpi mediku Altsasuko, Etxarri Aranazko, Iturramako, Arrotxapeko, Txantreako eta Tafallako osasun etxeetan aritzeko; larrialdietako bi mediku Iruñeko Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzurako; odontologo bat; 12 erizain Altsasuko, Burlatako, Buztintxuriko, Elizondoko, Ermitagañako, Irurtzungo, Izabako, Arrotxapeko, Sanduzelaiko, Donibaneko, Sarrigurengo eta Txantreako osasun etxeetarako; hamar erizain eta bi hezitzaile Nafarroako Ospitale Gunerako; eta, azkenik, beste sei lanpostu (bi psikologo, hiru erizain eta terapeuta bat) osasun mentaleko zerbitzuan aritzeko.

Beste departamentuei dagokionez, zortzi suhiltzaile lanpostutan ezarriko dute euskara eskakizuna, eta lau foruzain postu berri sortuko dituzte, B2ko profil linguistikoarekin. Nafarroako Zerga Ogasunean, kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile postu bati ezarri diote hizkuntza eskakizun berria; Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusian, bi informatikari lanpostutan; eta Kultura Zuzendaritza nagusian, azkenik, liburutegiko arduradun postu batean ezarri dute.

Lantalde organikoko postu batzuetan euskara eskakizunak txertatzeko erabakiak hautsak harrotu ditu Nafarroako PPren egoitzan. Aldaketak «isilka eta azpikeriaz» egin izana kritikatu du alderdiko buru Ana Beltranek —euskararen foru dekretua 2017ko azarotik dago indarrean—, eta neurriak ekarriko duen «diskriminazioa» salatu du: «Gaur egun postu horietan dauden behin-behineko langile elebakarrek lanpostua utzi beharko dute, euskaraz dakitenen mesedetan. Hau guztia estrategia bat da, administrazio publikoa euskaldunekin kolonizatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.