Koronabirusa munduan

NBEk ohartarazi du gosea areagotu egingo dela pandemiaren ondorioz

Krisiaren ondorio kaltegarriak leuntzeko garaiz aritzeko beharra azpimarratu dute

Janaria banatzen, Guatemalan. ESTEBAN BIBA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak herenegun ohartarazi zuen koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak gosea edo desnutrizioa pairatzen dutenen kopurua «azkar» handitzea ekarriko duela. Haren arabera, arriskua dago aurteen 49 milioi pertsona pobrezia ezin larriagoan erortzeko. Hori eragozteko eskatu zuen, eta, besteak beste, elikadura kateak babesteko, nutriziorako gizarte babeseko sistemak indartzeko eta ingurumena errespetatzen duen mundu jasangarri eta inklusiboago batean inbertitzeko.

Hala, aitortu zuen egungo elikadura sistema huts egiten ari dela, eta horri erantzun azkar bat emateko premia azpimarratu zuen: «Gure elikadura sistemak kale egiten ari dira, eta COVID-19aren pandemia are gehiago okertzen ari da egoera. Berehala neurririk hartzen ez bada, gero eta argiago dago mundu osoan elikadura larrialdi bat egongo dela, eta horrek epe luzera ondorioak izango dituehunka milioi pertsonarentzat».

Hain zuzen, elikadura segurtasunari buruzko politiken txostenaren inguruko ondorioak azaltzeko egin zuen agerraldia NBEko buruak. Jakinarazi zuenez, badago mundu osoko 7.800 milioi biztanleak elikatzeko behar adina janari, baina, deitoratu zuenez, egun 820 milioi lagunek baino gehiagok pairatzen dute gosea. Beste datu kezkagarri bat ere helarazi zuen: desnutrizioa dela eta, bost urtetik beherako 144 milioi haur inguruk atzerapenak dituzte haztean; hau da, bost haurretatik batek baino gehiagok.

«BPG barne produktu gordinean galtzen den portzentajeko puntu bakoitzak esan nahi du beste 700.000 haurrek atzerapena izango dutela haztean», ohartarazi zuen Guterresek. Horrekin batera, orain aritu beharra nabarmendu zuen, eta herrialdeei eskatu zien «arriskua larriagoa den lekuetan» zentratzeko.

Erantzunak

Alde horretatik, jarraitu eta eutsi beharreko hainbat bide proposatu zituen erakundeak: elikadura eta nutrizio zerbitzuak funtsezkotzat jotzea, eta talde kalteberenei laguntza humanitarioa ematen jarraitzea elikagaien eta bizirik irauteko bitartekoen bidez.

Halaber, gomendatu zuten «babes sozialeko sistemak indartzea pertsonek elikagaiak eta nutrizio egokia eskura izatea bermatzeko», arreta berezia jarrita, besteak beste, adingabeetan, haurdun dauden emakumeetan, adinekoetan eta beste arrisku talde batzuetan.

Azkenik, Guterresek estatuei galdegin zien iragana atzeanutzi eta etorkizunean inbertitzeko, eta, hala, «elikadura sistemak eraldatzeko, mundu inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko ahaleginetan». Elikagaien ekoizleen eta sektore horretako langileen beharrei hobeto erantzungo dien sistema bat sortu beharra ere azpimarratu zuen.

Bestalde, emandako datuen arabera, egungo elikadura sistemek berotegi efektuko gas guztien %29 osatzen dituzte, metanoaren %44 barne, eta, horren ondorioz, eragin kaltegarriak izaten ari dira biodibertsitatean.

Agerraldiaren amaieran, NBEko idazkari nagusiak esan zuen ezen, aipatutako egiteko horiek betetzen badituzte, eragotzi ahal izango direla pandemiak elikadura segurtasunean eta nutrizioan eragingo dituen ondorio okerrenetariko batzuk, «eta hori trantsizio berdea babesteko moduan egin daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.