EH Bilduk eskatu du Onkologikoko langileak osasun publikoan sartzeko

Koalizioak salatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «eskura dituen osasun profesional eta baliabideak ez erabiltzea eta utzikeriaz jokatzea»

Onkologikoko langileen protesta. ONKOLOGIKOKO ENPRESA BATZORDEA.
Maria Ortega Zubiate
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako Ospitale Onkologikoko langileak mobilizazioetan ari dira osasun sistema publikoan integratu ditzatela eskatzeko, eta EH Bilduk bat egin du aldarri horrekin. Rebeka Ubera koalizioko legebiltzarkidea eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako batzarkidea han izan ziren atzo. Uberak salatu zuen «onartezina» dela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Onkologikoarekin duen atxikimendu hitzarmena ez betetzea, bertako langileak sare publikoan ez sartuta. «Eskura dituen osasun profesional eta baliabideak ez erabiltzea eta utzikeriaz jokatzea» leporatu zion Osasun Sailari. Horiek horrela, jakinarazi du prozesua azkartzeko exijituko duela, eta ekinbideak antolatuko dituela horren alde.

Onkologikoko langile batzordeak denbora darama haien egoera salatzen: azaldu dute 2019an hasi zutela Osakidetzako sare publikoan integratzeko plana, eta hiru urteren buruan bukatuta egon behar zuela: aurten, alegia. Hala ere, adierazi dute ez dela hori gertatu, eta zerbitzuak publikoak badira ere zenbait langile Onkologikoa fundaziokoak direla oraindik ere, eta ez Osakidetzakoak. Uberak azaldu du Osasun Sailari horren azalpenak eskatu zizkiotela, eta «kezkagarria» dela ikustea hitzarmenak ez duela aurrera egin.

Legebiltzarkideak, bestalde, salatu du ospitaleko baliabideak ez direla erabiltzen ari, eta hori diru publikoarekin egiten den urteroko 23 milioi euroko inbertsioa «zakarrera» botatzea dela gaitzetsi du. Izan ere, batzordeko langileek salatu dute ospitaleko jarduna murrizten ari direla, eta eskaintzen dituzten oheen %40 ere ez dituztela betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.