Sanferminak aske gozatzeko deia egin du mugimendu feministak

Iruñeko kolektiboek hamarkadaz hamarkada eginiko lana nabarmendu dute. «Kanpotik datozen planteamenduen» kalteez ohartarazi dute. Bideoa albistearen amaieran.

Mugimendu feministako kideek atzo egindako agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun

«Emakumeen gozamen askea eta antolakuntza» aldarrikatu ditu Iruñeko mugimendu feministak. Jai parekideagoak lortzeko xedez urteetan egindako lana azpimarratu dute bertako hainbat taldek, hala nola Bilgune Feministak, Emakume Internazionalistek, Farrukasek, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak, Andrea-Astelehen Lilek eta Gora Iruñeak. Agerraldi bateratua egin zuten atzo.

Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kide Iratxe Alvarezek nabarmendu du mugimendu feministak hainbat hamarkada daramatzala jai parekideen aldeko borrokan, eta euren aldarrikapenak babesten dituztela instituzioek 2014. urtetik. «Gure lana ez da lerroburuen araberakoa. Ez da kasualitatea urtetik urtera Iruñeko herritarrek emandako erantzun itzela».

Aitortu du ulertzen dutela emakumeak ezinegonez eta haserre egotea epaileek sanferminetako talde bortxaketari emandako tratuarengatik, baina ohartarazi du sentipen horiek «arriskutsuak» izan daitezkeela, eta beste eraso sexista batzuk «ikusezin» bihur ditzaketela. «Justiziari exijitzen diogu erasotzaileak ez babesteko, erasoak behar bezala identifikatzeko, eta erasotako emakumea babesteko».

Talde bortxaketa salatzeko, hainbat deialdi zabaldu dira azkenaldian sare sozialetan; besteak beste, sanferminetara ez joateko edota beltzez janzteko eskatu diete emakumezkoei. Iruñeko mugimendu feministak ohartarazi du, ordea, proposamen horiek «zalantzazko jatorria» dutela. Are: sare sozialetan zabaldutako deialdi horiek Iruñeari eta mugimenduari min egiten diotela salatu du Alvarezek: «Kanpoko esku hartze horrek baldintzatu egiten du Nafarroako talde feministen lana; kaltegarria izan daiteke».

Horri guztiari aurre egiteko, aipatutako taldeek dei egin dute «tokiko jaietan arau propioak jartzera, espazioa lortzeko neurriak hartzera, gozatzera eta antolatzera». Halaber, dei egin dute uztailaren 10ean egingo den Feministok Prest eguneko jardueretan parte hartzera.

[youtube]https://youtu.be/ZqohTyxLc6s[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.