Migratzaile kopuruaren arabera «egokituko» dira baliabide publikoak

Aste honetan irekitako 48 lekuko aterpetxean, ohea, dutxa eta jana eskainiko dira. OEE plataformak uste du «benetako harrera» falta dela

OEE plataformak atzo goizean egindako elkarretaratzea. JUNE PRIETO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zehaztu gabe dago guztia. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Inklusio eta Berdintasun Saila eta Bilboko Udala bildu egin ziren herenegun iluntzean, azken asteetan Bilbora iritsi diren migratzaileei zer harrera egin zehazteko. Berri agentzien arabera, joan den asteburutik martxan dagoen 48 oheko aterpetxeari eustea eta 40ko beste bat zabaltzea adostu zuten. Gurutze Gorriaren esku geratuko da baliabide horiek kudeatzea. Hiru erakundeek 150.000 euroren laguntza emango diote horretarako. Baina Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Inklusio eta Berdintasun diputatuak zehaztu du etorriko diren migratzaileen kopuruak baldintzatuko duela bigarren hori martxan jartzea. «Ez dakigu zer etorriko den; beraz, ez dugu sortuko agian beharko ez dugun zerbait».

Diputatuaren arabera, erakunde publikoek «tamainako» erantzuna eman dute. «Duela hamabost egun hasi ginen igartzen ohi baino migratzaile gehiago etorri direla, eta bi aste hauetan dispositibo bat ipini dugu martxan ezerezetik». 48 lagunentzako lekua duen egoitza horretan, lotarako ohea, dutxatzeko aukera eta jatekoa emango dizkiete migratzaileei.

OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bigarren elkarretaratzea egin zuen atzo. Udaletxearen parean, baliabide falta salatu zuten dozenaka lagunek. Auzitan ipini dute egindakoa: benetako harrera falta dela uste dute. «Zabaldu duten egoitza horretan, soilik bi gau igaro ditzakete. Bart [asteazken gauean] 38 pertsonari utzi zieten lo egiten, eta 35 kanpoan geratu ziren, birritan erabili dutelako aterpetxea. Boluntarioek bilatu behar izan genien lotarako lekua».

Laespadak gaitzetsi egin ditu kritikak. Uste du «iritzi politikoak» direla. Baina aitortu du eskainiko den harrera 48 ordukoa izango dela, «Europara bidean atseden har dezaten». Printzipioz, udarako behar duten aurrekontua adostu dute.

Juan Mari Aburto alkateak «Gurutze Gorriari bere beharra egiten uzteko eta migrazio prozesuak ez oztopatzeko» eskatu dio OEE plataformari. Handik erantzun diote «pozarren» lagako diotela migratzaileak laguntzeari «administrazioak bere lana egiten badu». Bartzelona eta Madril bezala, Bilbo «benetako harrera hiri» izatea gura du OEEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.