Erdoganen krisi partikularra

Liraren amiltzea atzerriko «konplotei» egotzi die Turkiako presidenteak, eta AEBak seinalatu ditu

Diru trukerako bulego bateko langilea lira turkiarrak eskuan dituela, joan den astean, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Turkia eta krisi hitza esaldi bakarrean agertzen hasi dira, gero eta ozenago. Kurduen aurkako indarkeria, kazetarien atxiloketa, askatasun demokratikoen bortxaketa eta halako krisi politikoak ohikoak izan dira Recep Tayyip Erdogan boterean denetik—eta aurretik ere bai—, baina ez da hain ohikoa haren izena krisi ekonomiko batekin lotzea. Horrela gertatzen ari da orain, etalira turkiarraren amiltzea da krisi horren arrasto nagusia: azken urtean balioaren %47 galdu du euroarekiko, eta %49 dolarrarekiko. Gainera, balizko krisiaren errudunetako bat presidentea bera dela diote aditu gero eta gehiagok, arrazoi politikoengatik neurri eraginkorrak atzeratzen ari delako.

ZER GERTATZEN DA?



Erdoganenak, oro har, urte onak izan dira Turkiaren ekonomiarentzat, eta hein batean horrek azaltzen du zergatik izan duen arrakasta buruzagi islamistak hauteskundeetan. Haren AKP alderdi islamista 2002. urtean boterera iritsi zenetik, hazkunde ekonomiko sendoa izan du Turkiak; azken zortzi urteetan, batez beste, %6,8 handitu da lurraldeko barne produktu gordina. Herrialde handien artean —Turkiak 80 milioi biztanle ditu—, Txinak eta Indiak baizik ezin dituzte antzeko zenbakiak aurkeztu. Hazkunde horrek, ordea, sustrai ahul batzuk ditu. Horietako bat da atzerriko diruarekiko menpekotasun handia. Europako Batasunean edo AEBetan aurkitzen ez zuen errentagarritasunaren bila, dirua barra-barra sartu da Turkian azken hamarkadan, eta gaur egun ia %6ko kontu korronteko defizita du. Hau da, urtero 60.000 milioi euro behar dituela bere burua finantzatzeko.

Baina atzerriko diruak, sartu den bezala, sartzeari utz diezaioke; edo, okerrago dena, alde egiten has daiteke. Hori ari da orain gertatzen, eta horregatik doa behera lira.

ZERGATIK DOA DIRUA TURKIATIK?



Arrazoi bat baino gehiago daude. Horietako bat da AEBak erakargarriagoak direla orain, interes tasak igo direlako han. Baina beste bat da merkatuak urduritzen ari direla Turkiako ekonomiaren oinarriekin eta Erdoganen politika ekonomikoarekin. Izan ere, hazkundeari eustea du lehentasun nagusia, eta, horregatik, uko egin dio interes tasak igotzeari, nahiz eta hori den inflazioa apaltzeko eta kapitalen ihesa geratzeko moduetako bat. «Gaiztakeriaren ama eta aita dira interes tasa handiak», esan du Erdoganek, eta horrela baldintzatu du CBRT banku zentrala. Independentea dela aldarrikatu du CBRTk, baina sinesgarritasun txikia du, batez ere Erdoganek bere buruari eman dionetik bankuko gobernadorea izendatzeko boterea. Finantza Ministerioan Berat Albayrak suhia jarri izanak ez dio laguntzen zalantzak uxatzen.

Atzo, zenbait neurri hartu zituen CBRTk kapital ihesa geratzeko —bankuei dibisa erreserba txikiagoak izatea baimendu zien, eta nahi beste likidezia ziurtatu—, baina ez zuen lortu liraren amiltzea geratzea. Atzo beste %8 galdu zuen euroarekiko eta dolarrarekiko.

ERDOGANEK ATZERRIARI EGOTZI DIO ARAZOA?



Bai. Atzo ziurtatu zuen ez dagoela arrazoi ekonomiko sendorik lira ahultzeko, eta dena «atzerriko konplot» baten ondorioa dela ziurtatu zuen. Argi eta garbi seinalatu zituen AEBak, aliatuak izanagatik«bizkarrean labankada» eman diotelako. Batetik, Ankara haserre dago Washingtonekin, azken horrek zigor ekonomikoak ezarri dizkiolako Turkian Andrew Bunson apaiz protestantea atxilotzeagatik. Apaiza askatzearen truke, Erdoganek eskatu izan du AEBek Fethullah Gulen predikatzaile islamista estraditatzea. Giroa gehiago gaiztotu zen ostiralean, AEBek erabaki zutenean Turkiako altzairu eta aluminio inportazioei muga zergak handitzea. Bi aliatu historikoen arteko beste desadostasuna Siria da, eta, bereziki, hango kurduak: AEBen aliatuak dira Rojavako kurduak, baina Erdoganek eraso egin nahi die, «terroristatzat» dituelako.

ZER ONDORIO DITU LIRA AHULAK?



Herritar arruntarentzat, inflazioa da ondorio nagusia, oraingoz. Dirua ahultzeak inportazioak garestitzen ditu, eta hori eguneroko saskian ikusten da. Uztailean, prezioak urtebete lehenago baino %16 handiagoak ziren.

Baina prezio garestiez gain, krisi ekonomiko orokor bat ate joka dago. Izan ere, enpresa asko dolarretan edo eurotan zorpetu ziren iraganean, eta orain ordainketei aurre egin ezinean dabiltza. Eta enpresek ezin badituzte maileguak ordaindu, porrot egingo dute, eta erorialdi horretan langileak —langabezia %7tik %11ra igo da— eta finantza sistema arrastaka eraman. Bankuen arazoak badaude, Euskal Herrira ere irits daitezke ondorioak: BBVA da Turkiako Garanti bankuaren erdiaren jabea, eta herrialde hartan ditu aktiboen %15. Atzo, Bilbon sortutako banku horren akzioa %3,2 jaitsi zen.

ZER EGIN DEZAKE TURKIAK?



Hiru aukera daude. Bata da interes tasak igotzea, horrek kapitalen ihesa geratu baitezake. Beste bat da kapitalaren gaineko kontrolak ezartzea, hau da, ez baimentzea dirua Turkiatik ateratzea. Hirugarren aukera da Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza eskatzea.

Oraingoz, baina, beste bide batetik abiatu da Ankarako gobernua, autoritarismoarenetik. Atzo iragarri zuen sare sozialetako 346 kontu ikertuko dituela, liraren amiltzea bultzatzeagatik. «Hedabideen eta sare sozialen bidez herrialdearen segurtasun ekonomikoa mehatxatzea» egotzi diete. «Ekonomiari buruzko ikuspegi ezkorra» dutenen aurka ekingo duela jakinarazi du Poliziaren adar antiterroristak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.