Gorenak ez du geldiarazi Franco ateratzeko asmoa, baina zabalik utzi du atea

Ez du onartu familiaren helegitea, ministro kontseiluak oraindik ez baitu erabaki hobitik ateratzea. Berriz helegitea jartzeko aukera utzi du
Franco diktadorearen hilobia, Erorien Haraneko basilikan.
Franco diktadorearen hilobia, Erorien Haraneko basilikan. JAVIER LIZON / EFE

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abenduak 18
Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko prozesua joan den azaroaren 8an abiatu zuen Espainiako Gobernuak. Diktadorearen familiak helegitea ipini zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, gobernuak «hainbat irregulartasun» egin dituelakoan. Epaileek erabaki bat hartu artean asmo hori bertan behera uzteko eskatu zuen familiaren abokatuak. Gorenak ez du onartu eskaria, ordea; adierazi du «goizegi» aurkeztu zutela helegitea, oraindik ministroen kontseiluak ez duelako gorpuzkiak ateratzea bera onartu. Hau da, azaroko lege dekretuak ez du berez hori egitea justifikatzen, eta, bere horretan, ez luke familiak salatutako «kalterik» eragingo.

Behin ministro kontseiluak onartutakoan berriz helegitea jartzeko aukera duela esan dio Gorenak Franco familiari. Beraz, gobernuak aurrera jarrai dezake prozesuarekin. Azken egunetan jakinarazi dute gorpuzkiak urtarrilaren amaieran ateratzea aurreikusten dutela. Dena den, Gorenak argi utzi du ezen, familiak berriz helegitea aurkeztuko balu, azken erabakia berea izango dela, eta epaileek ebatzi arte gobernuak ezingo duela Franco atera.

Omenaldia, Iruñean

AFFNA-36 Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak erreparazio moralerako eta aitortza pertsonalerako 30 adierazpen banatu dizkie 1936ko gerrako eta diktadurako beste horrenbeste biktimari edo senideei. Nafarroako Parlamentuko atarian egin zuten atzo omenaldi ekitaldia, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentukoa eta Dolores Delgado Espainiako Gobernuko Justizia ministroa buru zirela. Izan ere, Espainiako Gobernuak onartu behar ditu aitortzak. Atzokoekin, osotara, 255 biktima omendu dituzte, 2011n hasi zirenetik, Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna