Altzolako ur fabrika konkurtsotik atera da, zor guztia ordainduta

Hilaren amaieran abian jarriko du ekoizpena bikoizteko aukera emango dion makineria berria. 2012tik lantaldea eta salmentak bikoiztu ditu

Altzolako ura ontziratzeko lantegia. ALZOLA BASQUE WATER.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Bost urtez amildegiaren ertzean ibili ondoren, bide goxoago bati ekin dio Alzola Basque Waterrek. Martxoaren hasieran atera zen hartzekodunen konkurtsotik, enpresaren bideragarritasuna kolokan jartzen zuen 1,7 milioi euroko zorra ordaintzea lortu ondoren. Indarrez atera nahi du ur mineralaren ekoizleak, produkzioa bikoiztea ahalbidetuko dion ontziratze planta berria inauguratuko baitu hilabete honen amaieran, Elgoibarko Altzola auzoan (Gipuzkoa).

Alzola Basque Water izena hartu zuen Altzolako bainuetxeko hondarretatik sortutako enpresak duela urte batzuk, eta izen horri eutsiko dio oraingo ibilbide berrian. Zorraren zama arindutako ibilbidea izango da. 2012ko urtarrilean eskatu zuen hartzekodunen konkurtsoan, zorrari aurre egin ezinean zebilelako. Konkurtso hori martxoaren 5ean itxi zuen behin betiko Donostiako merkataritza alorreko lehen epaitegiak.

Enpresa Gallardo ostalari familiaren esku geratu zen 2012ko maiatzean, eta haien kargu hartu dute 1,7 milioi euroko zorra ordaintzea. Hala egitea lortu dute azken bost urteetan. Enpresak nabarmendu duenez, konkurtsoa hasten duten sozietateen %5ek bakarrik lortzen dute prozeduratik garbi ateratzea.

Ordainduta dago «puntako teknologia» duen ontziratze lerro berria ere, Irungo Gallardo ingeniaritzak diseinatuta, eta 1,4 milioi euroko kostua izan duena. Orduko 15.000 litro ur botilaratzeko gaitasuna du, eta horri esker espero du enpresak urtean 50 milioi litro ontziratzea. Hilaren amaieran jarriko dute martxan.

Ekoizpena bikoizteak banaketan arazoak sor ez zitzan, Alzola Basque Waterrek 2.000 metro koadroko gune logistiko bat atondu du Elgoibarko Arriaga industrialdean. Epe erdira, iturburua eta instalazioak 1,5 kilometroko hodi batekin lotu nahi ditu.

Iaz 25 milioi litro ur saldu zituen Alzolak, eta 2,5 milioi euroren salmentak lortu zituen, duela bost urte halako bi. Langile kopurua ere bikoiztu du, hamahiru izatetik 26ra igaro baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.