ELBk ez du pagatu behar izango 2.000 euroko isuna ahate hazleen auziagatik

Laborarien sindikatuak gerora beste auzi bat balu soilik pagatu beharko luke isuna. ELBk salatu du auzipetuek mehatxuak jasan dituztela

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ahate hazleen aferako epaia eman du Baionako tribunalak: ELB sindikatuari 2.000 euroko isuna ezarri dio, gibelapenarekin; hau da, ez du pagatu behar izango, baldin eta etorkizunean ez badu beste auziren bat. Jean Mixel Berho laborariari eta bere enpresari, orotara, 300 euroko isuna ezarri die, eta Lataillade familia errugabetu du. Erabakia «txalotu» dute Aña Mari Mendiburu abokatuak eta Panpi Sainte Marie ELB sindikatuko idazkari nagusiak.

2017ko apirilean, Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak modu prebentiboan hiru ahate ekoizleren kabalak hiltzeko agindua eman zuen, hegazti gripea zela eta. Herritar eta laborariek etxaldeen aitzinean protestak egin zituzten, agindua betearaztera etorritako Polizia bertara sar ez zedin. Ahateak ez zituzten hil ahal izan, baina, Sainte Mariek salatu duenez, administrazioak «mehatxuak» baliatu ditu Lataillade familiaren bezeroen aurka, eta familiak «izugarrizko zailtasunak» izan ditu. Esaterako, Latailladen etxaldean tokiko ahate arraza bat sorrarazten dute, eta bertako laborariek eros ditzakete. Baina, mehatxuen ondorioz, bezero kopuruan «beherakada handia» jasan dute.

Auzia «politikoa» izan dela erran du abokatuak, eta, haren ustez, epaileek ulertu dute «laborantza eredu ez-intentsiboak gizartean daukan garrantzia». Ahate hazleen eta ELBren aurkako bigarren auzia izan da, eta Pauen iragan zen lehenean 5.000 euroko isuna pagatu behar izan zuen sindikatuak. Mendibururen ustez, «herritarren mobilizazioak eragina izan du» erabakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.