Erraustegiaren aurka protesta egin dute ehunka herritarrek Usurbilen

Eske argia dute: udalek konpromisoa hartzea zaborrak ez eramateko erraustegira. EAJri eta PSE-EEri osasunaren aurka aritzea egotzi diete

Erraustegiaren aurkako manifestazioaren burua, atzo, Usurbilen. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Usurbil
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Errausketarik ez!» oihuek hartu zituzten atzo Usurbilgo kaleak, eta Gipuzkoako udalei mintzatu zitzaizkien bertan bildutako ehunka herritarrak: «Gure udalek zorroztasunez hartu beharko dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinak Zubietako erraustegira ez eramateko».

Dagoeneko Zubietako erraustegiak labeak piztuak dituela eta, haserre mintzo dira. Haren iritziz, Gipuzkoako agintari politikoek eta korporazio handiek ez diete kasurik egin herritarren borondateari, medikuen «ohar larriei», gizarte mugimenduei, sindikatuei eta alderdien eta elkarteen eskariei. «Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko, ez Zubietan, ezta Gipuzkoan ere», nabarmendu dute.

«Zatozte Usurbilera, eta ikus hemendik zuen axolagabekeriak erretzera bidalitako hondakinak erretzeak zabaltzen duen ke kutsagarria». Horrela mintzatu zaizkie Usurbildik Gipuzkoan oraindik gaikako bilketan «tamalgarri» egiten ari diren herriei eta, batez ere, Donostiako Udalari: «Bukatu zuen fartsa behingoz. Gipuzkoako hiria kanpo eder, barren zikin bihurtu duzuen lotsagarrikeria eten ezazue». EAJri eta PSE-EEri nahiz «beraien konplizitatearekin» erraustegia martxan jarri duten enpresekin ere kritikoak dira: «Lehengaiak erretzea eta xahutzea ez da jarduera jasangarria, gezurretan ari zarete ekonomia zirkularra ahotan darabilzuenean».

Horren harira, azpimarratu dute Gipuzkoan badaudela beste hainbat herri aurrerapauso handiak egin dituztenak hondakinen gaikako bilketan. Harago egin nahi dute orain. «Bilketa eraginkorrak abiatzeko ausardia izan genuen bezala, erraustegiarekin ez kolaboratzeko urrats sendoak emateko sasoia heldu da».

Bestelako eredua badagoenez, hori lortzeko lanean jarraituko dutela ziurtatu dute: «Zero zabor eta ekonomia zirkularraren eredu berria eraikitzeko bidean, urrats berriak egiteko garaia iritsi da». Horretarako, honako hau exijitu dute: «Ez erre gure hondakinak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.