Memoriaren arloko lana indartu nahi dute lege proiektuaren bidez

Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak zirriborroa onartu du. Legebiltzarrean eztabaidatuko dute

Galdakaon (Bizkaia) bonbardaketan hildakoei egindako omenaldia, 2018ko maiatzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Joan den astean iragarri bezala, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen zirriborroa, eta, beraz, Eusko Legebiltzarrera igorriko du egitasmoa, han eztabaidatu, talde parlamentarioek zuzenketak aurkeztu, eta behin betiko oniritzia eman diezaioten.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, lege horrek «indartu» egingo du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek orain arte egin duten lana, eta horri «arau esparru bat» emango dio.

Izan ere, lege egitasmoak berrikuntza batzuk dakartzan arren, batez ere orain arte abian jarritako ekinbideak jasotzen, biltzen eta arautzen dira lege egitasmo horren bidez. Artolazabalek nabarmendu du EAEko erakundeek «hamarkadak» daramatzatela esparru horretan beharrean, eta lan horri esker «Euskadi erreferentzia gisa» agertzen dela «memoria historiko eta demokratikoari dagokionez».

«Egia, justizia, erreparazioa, berriz ez gertatzeko bermea eta balio demokratikoak» dira lege egitasmoaren ardatzak. Han jasotzen denez, gizarte osoak, eta bereziki biktimek, 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran gertatutakoaren egia jakiteko eskubidea dute.

Arlo horretan bi jarduera sustatu ditu Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta bi-biak jasotzen dira lege egitasmoan: 1936tik 1978ra bitarteko epean izandako giza eskubideen urraketen txostena eta 1936ko gerran hildakoen errolda. Txostenaren lehen fasea egina dago, eta errolda ere ikusgai dago Gogora institutuaren web orrian.

Justiziaren arloan, berriz, legean gogorarazten da eskumen hori Estatuarena dela, eta, hortaz, EAEk ezin du ezer zehaztu horren inguruan. Edonola ere, Ertzaintzaren, Fiskaltzaren eta organo judizialen zeregina jasotzen du legeak, giza gorpuzkiak aurkitzean delitu zantzuak ote dauden jakinarazteko.

Egun bat biktimentzat

Biktimek errekonozimendu eta erreparaziorako duten eskubidea ere aitortzen da legean. Egitasmoa onartzen bada, biktimei kalte ordainak emateko aukera aztertuko dute erakundeek, iraganean emandakoen osagarri izango liratekeenak. Gainera, biktimak gogoratzeko eta omentzeko urteko egun bat ezartzea proposatzen da lege egitasmoan.

Genero ikuspegia beren-beregi agertzen da lege aurreproiektuaren dokumentuan. Testuan jasotzen denez, gatazka egoeretan gizonek eta emakumeek indarkeria mota desberdinak pairatzen dituzte, eta, indarkeria berberen biktima diren arren, horrek eragin desberdina izaten du beren bizitzan, gizartean betetzen dituzten rolen eta aurretik boterearen banaketan zeuden desberdintasunen ondorioz.

Memoria zabaltzeko bideen atalean, berriz, Gogora institutuaren egoitzan erakusketa gune bat sortzea eta memoria historikoa euskal curriculumean txertatzea aurreikusten da. Horretarako, Hezkuntza Sailean lankidetzan aritzea proposatzen da.

Gerran desagertutako pertsonak aurkitzen eta identifikatzen jarraitzea, memoria historikoko erakundeen aholku batzorde bat sortzea eta frankismoa goresten duten ikurrak kentzen segitzea ere proposatzen da Jaurlaritzak onartutako zirriborroan.

Horrez gain, lege egitasmoak memoriaren arloko arau hauste oso larriak, larriak eta arinak identifikatu eta sailkatzen ditu, eta bakoitzari dagokion zigorra ere ezartzen du. Arau hauste oso larriak biktimen hobiak suntsitzea, dokumentuak ezkutatzea eta antzekoak dira, eta 10.000-150.000 euroko isunak jaso ditzakete horrelakoak egiten dituztenek.

Diktaduraren biktimen aurkako adierazpenak egitea eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura goraipatzea arau hauste larritzat jotzen dira, eta 2.000-10.000 euroko isunekin zigortuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.