Euskara ez da merezimendu izango Nafarroako eremu ez-euskaldunean

Eremu mistoan, postu batzuetan soilik izango da meritu, Euskararen Dekretu berriaren arabera

Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Espero zena baieztatu du Nafarroakoeuskararen foru dekretuaren zirriborroak: eremu ez-euskalduneko oposizio lehiaketetan euskara ez dela meritutzat hartuko. Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zien sindikatuei, eta haren edukia zabaldu zuen, egun berean, Euskalerria Irratiak.

Gobernuak moldatu egin ditu egun indarrean dagoen 215/1985 foru dekretuko 9. eta 15. artikuluak, eta, horrez gain, bigarren xedapen gehigarri bat gehitu du. Euskararen Legearen araberako zonifikazioaren arabera, euskara eremu bakoitzean nola baloratuko den zehazten da dekretuan. Bada, eremu ez-euskaldunari dagozkion puntuetan ez dago euskararen inguruko aipamenik. Alegia, eremu horretako administrazio publikoko lanpostuetan ez du eraginik izango euskara jakiteak. Eremu mistoan, berriz, lanpostu batzuetan soilik hartuko da aintzat, betiere «herritarrekiko tratu edo arreta mailaren arabera». Zehazki, postu hauetarako izango da meritu: administrazioko kazetari, prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludun, gizarte langile, gizarte hezitzaile, lan harremanetako diplomadun, liburutegiko arduradun, jarduera turistikoetako ofizial, foruzain, suhiltzaile, basozain, administrari, aretoko buru, operadore ofizial eta operatu laguntzaile, telefonista, errepideetako zaintzaile eta atezain.

Lekualdatze prozesuei lotutako lanpostuetan, euskara jakiteagatik gehienez ere 2,76 puntu eskuratu ahalko dira. Lehiaketa oposizio bidez eskuratu beharreko postuen kasuan, berriz, eremu mistoan gehienez ere 6,9 puntu lortu ahalko dira. Eremu euskaldunean, berriz, gehienez 4,6 puntu lortu ahalko dira lehen kasuan, eta gehienez 11,5 bigarrenean.

Lehiaketa oposizio bidez lortu beharrekoak izaten dira Osasunbideko lanpostuak, baina dekretuak berariaz aipatzen du postu horietarako merituak zein izango diren. Eta, horretan ere, euskara menperatzeak ezingo du puntuazioa aldarazi eremu ez-euskaldunean. Eremu mistoan, merituen %11lor daiteke gehienez euskara jakiteagatik, eta eremu euskaldunean, gehienez %7. «Ezohiko lehiaketetan», berriz, hautagaiek euren merituen %6 bete ahal izango dute gehienez euskara menperatzeagatik eremu mistoan, eta gehienez %10 eremu euskaldunean.

Alemana bai

Euskara ez bezala, frantsesa, ingelesa eta alemana menperatzea merezimendutzat hartuko da Nafarroa osoan, lanpostu horietarako sarbidea edozein dela ere. Lehiaketa bidezko oposizioetan, esaterako, eremu ez-euskalduneko hautagaiek bost puntu lortu ahalko dituzte hiru hizkuntza horietako bat dakitela justifikatuz gero, baina, aldiz, euskara jakiteak ez die lagunduko puntuazioa igotzen.

Prozedurak agintzen duenez, sindikatuek datozen hamabost egunetan izango dute dokumentuari alegazioak jartzeko aukera. Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak asteon esan du dekretu berria lau-sei hilabete barru ezarri nahi dutela.

Euskalgintzaren Kontseiluak, bestalde, atzo iragarri zuen agerraldia egingo duela astelehenean, Hizkuntza Eskubidearen Behatokiarekin batera, dekretuaren zirriborroari buruzko «urgentziazko balorazioa» egiteko.

Nafarroako Gobernuak 2017an onartu zuen Euskararen Dekretua, baina epaileek baliogabetu egin zituzten zenbait puntu. Horien artean, administrazioari loturiko lan deialdietan euskara meritu gisan hartzea arautzen duena. Ordutik, Nafarroako eremu mistoan eta ez-euskaldunean egiten diren lan deialdietan euskara ez da balioesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.