Cabezudoren biktimek ateak itxita deklaratzea ontzat jo du epaimahaiak

Akusazio partikularreko abokatuak egindako eskea izan da. Jada bost andrek deklaratu dute, eta asteon jarraituko dute; hamasei dira guztira

Saioetako bat hasi aurretik eginiko argazki bat, lehengo astekoa. J. HERRERO / EFE.
arantxa iraola
Donostia
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Aurrez ere eskea egina zuela esan zuen akusazio partikularrak, eta berriz aztertzeko eskatu zion atzo epaimahaiari: Kote Cabezudo argazkilariaren biktimek haren aurkako epaiketan deklaratzen dutenean auzi aretoan publikorik ez egotea eskatu zuen, eta, ondorioz, prentsarik ere ez egotea. Lehengo ostegunean aztertu zen biktimen irudirik erakutsi gabe haiek esaten zutena aparteko areto batean bakarrik hedatzeko aukera, «teknikoki» aukera hori egingarria izango litzatekeela onartu zuen atzo epaimahaiko buruak, baina berean jarraitu zuen akusazio partikularraren eskeak, eta onetsi egin zuten. Hamalau emakumeren ordezkaria da akusazio partikularra, eta horien guztien deklarazioak, behintzat, ezingo dira entzun. Hamasei andre daude denera auzibidean.

Akusazio partikularraren eskariaren ondorioz, kazetariek ezin izan dute biktimen lekukotasun bakar bat ere entzun orain arte. Joan den ostegunean hasi ziren deklaratzen, hiru mintzatu ziren orduan, eta haien hitz erdi bat ere ez zuten aditu. Akusazio partikularrak atzo eskatu zuen, halaber, lekukoek-eta hitz egiten dutenean, biktimak babesten jarraitze aldera, haien izenik ez inoiz esateko, eta hizkien bidez identifikatzeko. Gainerakoan, haien izenak ezagutarazita, «birbiktimaziorako» arriskua dagoela adierazi zuen, eta babestu behar direla.Aste osoan biktimek hitz egiten jarraituko dute Cabezudoren kontrako epaiketan.

Lehengo astean hasi zen, eta oraindik lau aste geratzen dira. 121 kartzela urte eskatzen ditu fiskalak akusatuaren kontra; akusazio partikularrak, 2.338. Intimitatearen aurkako delituak, iruzurrak eta sexu erasoak egozten dizkiote, besteak beste. Guztiak argazkilari jardunean egindakoak dira. Akusatuak berak lehengo astean deklaratu zuen, eta ukatu egin zuen deus okerra egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.