Departamenduko bozak. Elkarrizketa. Marie Christine Aragon. PSko hautagaia

«Antolaketa, zorroztasuna eta estrategia ekarri ditugu»

'Departamenduko Ezkerra' koalizioko Euskal Herriko bozeramailea da Aragon, eta, zaila izan arren, badu martxoko bozetan nagusitzeko itxaropenik: «Irabazteko borrokatuko gara».

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Baiezkoa eman dio kafeari, baina diru zorroari begira protesta eginez, irri artean: «Ez duzu Eusko-rik, ala?». Ekologista, sozialista eta ezkerreko bertze zenbait alderdirekin batera Ipar Euskal Herriko hautagaitzak aurkeztu biharamunean hartu du BERRIA Marie Christine Aragon PSko hautagaiak (1953, Miarritze), Baiona Ttipiko Pyrenees ostatuan. Baiona-3 kantonamenduan aurkeztu da kontseilari izandakoa, eta Kontseilu Nagusian gelditu nahiko luke bertze agintaldi batez. Georges Labazeeren lekua hartuko duen, ez du baieztatu.

Ekologista eta bertze ezkerreko batzuekin aurkeztu dituzue Ipar Euskal Herriko hautagaitzak.

Departamenduko Ezkerra etiketaren pean aurkezten gara denak. Euskal Herrian aurkezturiko hamabi bikoteetan badira Europa Ekologia Berdeetako hautagaiak, Ezkerreko Alderdi Erradikalekoak, baita abertzale bat ere: Sauveur Bacho. Eta, noski, PSkoak.

Zer proposatuko duzue?

Lehenik, erran behar da departamenduaren gidaritza dugula duela lau urtetatik. Inbertsio atzerapen ikaragarria atzeman genuen, bereziki kolegio eta zahar etxeetan: urteak ziren inbertsio eskasia zegoela. Atzerapena zuzendu dugu, eta emaitza onak lortzen hasi gara azpiegituretan. Beraz, jadanik lan handia egin dugu. Hurrengo legealdian hiru erronkari egin beharko diegu aurre.

Zein dira erronka horiek?

Batetik, klima: gure politika guziek kontuan hartu behar dute ekosistemaren errespetua. Lehenik, egoera okertzea saihesteko. Eta era berean, arazoei erantzun behar diegu. 2014an denboraleetarako elkartasun fondo bat sortu genuen, Euskal Herriko 102 herri hunkitu zituzten uholde handien garaian. 11 milioi euro ezarri genituen aste batez, eta orain fondo hori iraunkor bilakatu dugu. Sail anitz jorratuko ditu, baina lehenbizikoa mugikortasuna da. Bideak konpontzea garrantzitsua da, sinpleki, herriak bakarturik geldi ez daitezen. Baditugu bertze ideia batzuk ere: bereziki, boluntarioak prestatzea arazoak daudenerako. Garrantzitsua da gizartea mobilizatzea, ohartzen baikara uztailaren 4koa maleruski ez zela gertaera bakana. Elur- jausiak eta uholdeak errepikatuko dira, eta Euskal Herrian, gehiago.

Bigarren erronka, finantza egoera da. Herri eta hiri elkargoek baliabide gutxiago dituzte, baina baita familiek ere. Hautuak egin behar dira. Lehenik, zehaztu nahi dut oso aurrekontu emaitza onak ditugula, eskuineko gutxiengoak egiten dizkigun kritiken aurka. Lorpen handiak ditugu: ongien kudeaturiko departamenduetarik zazpigarren postuan gaude.

Alta, zorpetu zaretela diote.

Bai, egia da, baina berreskuratze izugarriak zeudelako inbertsioetan. Anbizioa duten politikak eraman ditugu. Eta hala segituko dugu, lehentasunak ezarriz.

Zein lehentasun, adibidez?

Pertsonak laguntzea eta lurraldeekiko elkartasuna. Pertsonei dagokienez, amatasun eta haurren babeserako PMIa dago: 2011n iritsi ginenean bost haurretik bik jasotzen zuten; orain 4,5ek. Kolegioetan, bertzalde, janari biologikoa bultzatu dugu. Kolegio guziek benetako sukaldari, jantoki eta sukaldeak dituzte orain, tokiko ekoizleen produktuekin. Arlo guzietan ekonomia sozial eta solidarioari buruz lan egin dugu,Agenda 21 izenekoaren hariari jarraikiz. Hurrengo legealdian dena egin nahiko genuke horren arabera, klima errespetatzeko, emazte eta gizonen arteko berdintasuna...

Hirugarrenik, gardentasuna. Lau urtez ezin da dena egin, baina joan den urtean webgunea berritu genuen, eta txostenak publikoak dira. Bilkurak ere egin nahi ditugu, egiten duguna azaldu eta jendearen iritzia entzuteko.

Baina hori guzia, irabazten baduzue... Eta, diotenez, ez duzue aukera handirik horretarako.

Irabazteko borrokatuko gara. Lan kolektibo bat egin dugu, eta sinesten dugu egiten dugun horretan. Domaia litzateke politika hori bete ezin izatea eta kanpora begirako politika batera itzultzea, non promesa anitz egiten diren, baina garatzeko baliabiderik ezarri gabe. Duela hamar urtetik zetozen promesak ordaintzea egokitu zaigu: proiektuak ez ziren eginak. Antolaketa, zorroztasuna eta estrategia behar ziren, eta hori ekarri dugu.

Baiona-3n aurkeztuko zara, Henri Etxetorekin batera. Zein proposamen dituzue?

Erronkak berdinak dira leku guzietan. Baiona hiria da, beraz, eskumen zehatz batzuk ez daude. Aldiz, anitz lan egiten dugu adineko pertsonekin, etxean mantentzearen alde. Gero eta adineko gehiagok eskatzen dute, eta horretarako etxebizitzak berritu behar dira, etxeetan laguntzaileak ezarri... Baina adibideak baizik ez dira. Bertze bat emanen dizut: Chronoplus autobus zerbitzua. Oraingoz, Kontseilu Nagusia da diruz laguntzen duen bakarra. Hori ere lurraldea laguntzea da: finantzatze osagarri bat, baina ahantzi ezin dena. Turismo bulegoa ere lagundu dugu, erraterako, baita Pannecau karrika oinezko bilakatzea ere! Kar-kar...

Lurralde erreformak eskumen batzuk aldatuko ditu, eta oraindik ez dira definituak...

Eskematikoki, badakigu. Giza elkartasuna atxikiko dugu, ez da dudarik, eta lurraldeekiko elkartasuna. Kolegioak eta departamenduko bideak ere atxikiko ditugu. Eskola garraioa galduko dugu, ados. Domaia da, beharbada, baina azken finean, horietako anitz hiri elkargoek dituzte. Eta,beharbada, etorkizuneko Euskal Herriko hiri elkargo handian egonen da gero. Ez ditugu erantzun guziak, baina argi dago aurreztu behar zela zenbait arlotan.

Bozetako aldaketez zer diozu?

Kantonamendu berriena berdintasun afera bat zen. Bi muturrak hartuta, bagenituen Atharratzeko kantonamenduan 3.000 biztanle, eta Hendaiakoan 32.000: hamar aldiz gehiago. Zergatik? XIX. mendean moztu zituztelako. Ezin zen horrela gelditu: garrantzitsua da landa eremuak pisua izatea, baina hiriek ere bai. Orain, batez bertze, 25.000 biztanleko kantonamenduak ditugu.

Parekidetasuna ere berria da.

Bistan da: hori gauza arras ona da. Pena da, halere, legeak egin behar izatea berdintasuna izan dezagun. Baina errealitatea da: parekidetasuna, ez baldin bada behartzen, ez da lortzen. Gaur egun, 52 kontseilaritik zortzi gara emazteak: %15. Orain, %50era izanengara. Gutxienekoa da populazioaren erdia proportzio berean ordezkatua izatea. Obligazio horrek ausartuko ez liratekeen emakumeak bultzatu ditu aurkezteko urratsa egitera. Ez da beti erraza: ez ukatzen gaituztelako, baizik eta geure buruari galderak egiten dizkiogulako. Emakumeek aiseago galdetzen diote beren buruari lortuko ote duten, maila emanen ote duten... Gizonek errazago sinesten dute gai direla, bistan dena, kar-kar...

Ezkerrak irabazten badu, zu izanen zara presidentea?

Ez dugu oraindik erabaki. Bi bozeramaile izendatu ditugu: ni Euskal Herrirako eta Marie-Pierre Cabanne Biarnorako. Lehenik, ikusi nahi dugu nola goazen, eta bere denboran emanen dugu izena. Bi itzuli daude.

Aukera bat izan daiteke, dena den, Kontseilu Nagusiko lehendakaria emaztea izateko.

Bistan da, bistan da. Biziki polita litzateke; biziki hautu polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.