Alberto Barandiaran. Hekimeneko zuzendaria

«Euskara prestigiatzeko ere balio dezake publizitateak»

Hekimeneko buruak «apustu sendoa» eskatu du publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan sartzeko tenorean.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak murriztu eginen du publizitate instituzionaleko diru saila. Horren barruan, euskarazko hedabideetako publizitatea erdira jaitsiko du: 568.702 eurotik 235.000 eurora. Erabakia «atzerapausoa» dela uste du Hekimen elkarteko zuzendari Alberto Barandiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1964).

Zer iritzi duzu Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiaz?

Lehenik eta behin, informazio zehatza jaso nahi dugu, lehen eskukoa, eta horregatik, bilera eskatua diogu aldundiari. Egunotan argitaratu dena aintzat hartuta, badirudi iritzi aldaketa izan dela aurreko diputazioarekin alderatuta. Azken legealdian, garrantzi nabarmena izan zuen euskarak publizitate instituzionalaren esparruan. Publizitate gehiago egiten zen euskaraz gaztelaniaz baino. Eta oso positiboa zen hori. Kontuan izan behar dugu hau ez dela diru laguntza bat, hau publizitatea da; baliabide komertzial bat. Eta instituzio publiko batek euskara hautatzen duenean bere irudi publikoaren hizkuntza nagusi gisa, mezu bikoitza bidaltzen dio gizarteari: alde batetik, informazio publikoa euskaraz emateko borondatea adierazten du; eta bestetik, nabarmentzen du euskarazko hedabideak egokiak direla informazio hori zabaltzeko. Askotan, euskarazko hedabideen ikusezintasuna salatzen dugunean, honetaz ari gara, besteak beste: publizitatearen bidez ere lor baitaiteke gure hedabideen balioa eta garrantzia nabarmentzea.

«Hedabideen irismena» aipatzen du aldundiak publizitatea banatzeko irizpide gisa. Ados al zaude horrekin?

Irismena garrantzitsua da, kontuan hartu beharreko faktorea, zalantzarik gabe. Baina Gipuzkoa herrialde elebiduna da, eta herritar gehienek diote euskaldunak edo ia euskaldunak direla; alegia, euskara ulertzen dutela eta hizkuntzarekiko harreman ona dutela. Beraz, irismena bakarrik ez, beste faktore batzuk ere aintzat hartu beharko liratekeela uste dut. Euskarazko hedabideak Gipuzkoako lurralde guztietara iristen dira, eta harrera ona dute.

Eta, hala ere, publizitate instituzionalaren herena jasoko dute hemendik aurrera...

Zaila da gutxieneko kopuru bat adostea, baina argi izan behar dugu, ikerketa askoren arabera, euskarazko publizitatea eraginkorra dela, hartzaileengan enpatia sortzen duela, eta euskarazko hedabideen kontsumitzaileak oso fidelak direla. Gainera, apustu sendoa eginez gero, beste ondorio bat ere izan dezake: kanpainakeuskaraz propio sortzeko aukera ematearena, alegia. Hizkuntza prestigiatzeko eta normaltzeko puntu gehigarri bat izan daiteke hori; gaur egun, euskaraz argitaratzen den publizitate guztia, berez, gaztelaniaz sortua baita.

Gipuzkoako aldunditik Eusko Legebiltzarrera: PSE-EEk legez besteko proposamena egin du, Eusko Jaurlaritzaren publizitatearen %15 euskaraz izan dadin.

Oso egitasmo interesgarria da. Gaur egun, EITB kenduta, euskarazko hedabideetan agertzen den publizitate instituzionala %2 edo %3koa da gehienez, eta hori ez da onargarria. Hekimen harremanetan egon da legebiltzarreko alderdi gehienekin, eta askotan adierazi diegu gure iritzia: mezu publikoak zabaltzen direnean, euskarazko hedabideak ezin direla bazterrean utzi. Orain, PSEk egin du urratsa %15eko gutxieneko hori berma dadin eskatuz, eta eskertzekoa da.

Ez dirudi %15 asko denik, ezta?

Gipuzkoan, adibidez, ez. Aise gainditu beharko litzateke kopuru hori, errealitate soziolinguistikoak hala agintzen duelako. Baina Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba aintzat hartuta, urrats interesgarria izan daiteke, euskarari tratu duin bat emateko bidean. Batzuetan, beharrezkoa da gutxieneko kopuruak legez zehaztea, publizitatearen esparrua konplikatua delako: publizitate agentzia pribatuak tartean sartzen dira, Madrildik kudeatzen dituzte kanpainak, euren irizpide propioak ezartzen dituzte... Borroka horretan, euskarazko hedabideek are baztertuago gelditzeko aukera asko dituzte, eta horregatik, ezinbestekoa da gutxieneko langa hori. Orain behar duguna da beste alderdi batzuek ere proposamena babestea.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza deialdia irtetear da. Zer espero duzue?

Urte anitzeko proposamena egin du sailburuordetzak, eta hori aspaldiko eskakizuna zen arren, hau ez da espero genuena: adostu gabeko proposamen itxia delako, eta diru kopuru bera ezartzen duelako urte guztietarako. Hortaz, izoztuta egon da euskarazko hedabideentzako diru kopurua, eta izoztuta egonen da datozen hiru urteetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.