Cornellako komisariari eraso egin nahi zion gizon bat tiroz hil dute

Espainiako Auzitegi Nazionalak zuzenduko du erasoaren gaineko ikerketa. Mossoek uste dute «eraso terrorista» bat izan daitekeela Herrialde Katalanetan gertatutakoa

Mossoak, komisariari eraso egin dion gizonaren etxe ataria zaintzen, atzo, Cornella de Llobregaten. ALEJANDRO GARCIA /EFE.
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Gizon bat Mossos d'Esquadraren Herrialde Katalanetako Cornella de Llobregateko komisarian sartu zen atzo goizaldean, labana eskuan, «Allahu akbar (Ala handia da)» oihuka. Mossoetako bati eraso egin zion, eta tiroz hil zuen erasoa jasandako mossoak. «Atentatu terrorista» izan daitekeelakoan, ikerketa abiatu dute mossoek Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean, gertatua argitzeko. Rafel Comes Goi Komisariako Koordinazio Zentraleko buruak esan zuen «erailketa asmo argia» zuela gizonak. Polizia gizonaren etxea miatzeko baimenaren zain dago, eta haren bikotea atxilotu dute galdeketa egiteko.

Ia goizeko seiak ziren erasoaldia gertatu zenean. Comesek nabarmendu zuen Cornellan bizi zen 29 urteko gizonak «behin eta berriz» kontsulta bat egiteko beharra aldarrikatu ziela mossoei, eta, behin barrura sartzea lortutakoan, atezaintzan zegoen agenteari eraso egin ziola. «Gizonak labanarekin eraso egin dionean, bere burua defendatzeko tiro egin dio agenteak, eta bertan hil da gizona», azaldu zuen komisariako buruak. Ala jainkoaren gaineko oihuak zirela ohartu ziren mossoak, eta, horregatik, «eraso terrorista» kasu bat ote den ikertzen ari dira, Comesek jakinarazi zuenez. EI Estatu Islamikoaren izenean eginiko erasoa izan daitekeela uste dute mossoek.

Erasotzaileak urteak zeramatzan Cornellan bizitzen, eta ez zuen aurrekari penalik. Hala ere, Espainiako eta nazioarteko poliziarekin kontsulta egingo dute, Espainian edo beste herrialderen batean deliturik egin duen jakiteko. Mossoek, gertatutakoa argitu arte, norbere babesa ziurtatzeko deia egin diete Kataluniako polizia etxeei. SPC Kataluniako Polizien Sindikatuak pistola elektrikoak eskatu dizkio Generalitateari gisa horretako erasoak gertatuz gero erasotzailea hil beharrik ez izateko. Polizia etxeetako babes trenkadak ez kentzeko ere eskatu diote Barne Kontseilaritzari, atzokoa bezalako erasoaldietan baliagarri izan daitezkeelakoan. Etorkizunean gerta daitezkeen erasoak ekiditeko eta atzo gertatutakoa ikertzeko, Guardia Zibilarekin eta Polizia Nazionalarekin batu ziren mossoak.

Erasoaldia egiteko erabilitako labana laborategira eraman dute gertatutakoa argitzeko asmoz, eta erasotzailearen bikotekidea atxilotu dute galdeketa egiteko. Cornellako epaileak gizona hil duen mossoaren pistola konfiskatzeko ere eskatu du. Auzitegi Nazionalari erasotzailearen etxea miatzeko eskaera egin diete mossoek, eta baimenaren zain daude haren pisuan sartu, eta kasua argitzeko pistak bilatzeko, jakiteko «zerk bultzatu» zuen gizona erasoa egitera.

Terrorismoaren Aurkako Koordinazio Kabinetea atzo batzartu zen, salbuespen gisa, Quim Torra Generalitateko presidentea buru zuela. Kataluniako Barne Departamentuan batzartu ziren kabineteko kideak, Miquel Buch Barne kontseilaria, Mossos d'Esquadraren goi karguak eta Miquel Esquius komisario burua. Goizean gertatutakoa aztertzeko egin zuten bilera, eta hartu beharreko neurrien gainean hitz egin zuten.

Joan den urteko Bartzelonako atentatuetatik urtebete eta hiru egunera gertatu da Cornellakoerasoa. EIren lehen erasoa izan zen hura, baina laugarren graduko alerta egoera ezarrita dago Espainiako Estatuan 2015etik, gisa horretako atentatuak gerta zitezkeelako. Atzoko erasoaldia EIrekin lotuko balute, urtebetean Kataluniak jasandako bigarren erasoa litzateke.

Torra eztabaidagai

Torrak atentatuen urteurreneaneginiko adierazpenen gaineko azalpenak eskatu dizkiote hainbat alderdik. Defendatu soilik ezetz, Estatu «bidegabeari eraso» egingo ziotela esan zuen Generalitateko presidenteak. Xavier Albiol Kataluniako PPko buruak «apologia» delitua leporatu dio presidenteari, «Estatuari erasotzeko deia» egiteagatik, eta gogoratu du Zigor Kodean biltzen den delitua dela. Adierazpen «oso oldarkorrak eta larriak» direla uste du Albiolek. Ciudadanos alderdiak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu dio «bestaldera begiratzeari» uzteko, eta legea betearaztea galdegin diezaion Torrari, eta 155. artikulua martxan jartzeko eskatu dio. Pablo Casado Espainiako PPren buruak ere 155. artikulua abiatzeko eskatu du, eta senatuan PPk gehiengoa duela gogoratu du artikulua indarrean jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.