Argentinako Gobernuak austeritate dosia igoko du, «azken krisia» izan dadin

Macrik zero defizita agindu du heldu den urterako, zerga berriak jarriko dizkie esportazioei eta erdira murriztuko du ministerio kopurua
Dolarraren kotizazioa iragartzen duen kartela, atzo, funtzionario publikoen protesta baten ondoan.
Dolarraren kotizazioa iragartzen duen kartela, atzo, funtzionario publikoen protesta baten ondoan. DAVID FERNANDEZ / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 4
Gastu publikoari artaziak sartu, diru bilketa handitzeko zerga berriak indarrean jarri, eta kanpo finantzaketaren zama mugatu. Argentinako Gobernuak ortodoxia ekonomikoaren testuliburua atera du, herrialdea irensten ari den krisiaren espirala geldiarazteko itxaropenarekin. Austeritate dosi mingotsa igotzea da Mauricio Macri presidenteak jokatuko duen azken karta. «Krisi hau ezin da beste bat gehiago izan; azkena izan behar du», ohartarazi zuen Macrik, telebista bidez argentinarrei igorritako mezu ofizialean.

Apirilean, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin 50.000 milioi dolarreko (43.000 milioi euro inguru) erreskatea hitzartu zuen Argentinak. Diru horrekin, gobernuak argi utzi nahi zuen ez zuela izango arazorik bere burua finantzatzeko. Finantza merkatuek, berriz, ez dute berme hori inondik inora ikusi. Inbertitzaileek ez diote utzi herrialdetik dirua ateratzeari, eta peso argentinarrak jarraitu du dolarraren aldean balioa galtzen.

Presioa ikusita, Macrik iragarri zuen joan den astean erreskatearen bide orria berrikusiko zutela, ordainketak azkartzeko. Mezuak berak eta mezua emateko moduak, Youtube erabilita, urduritasuna areagotu zuten, arazoa konpondu beharrean.

Asteburu osoa estrategia berria prestatzen igaro du presidenteak, erantzuna gertu izateko atzo merkatuak irekitzen zirenerako. Funtsean, presidente izatera eraman zuen politikaren hileta da iragarritakoa. Macrik boterea lortu zuen gradualismoa aginduta. Hau da, Nestor eta Cristina Kirchner senar-emazteen agintaldietako neurriak modu mailakatuan erreformatzea zen asmoa. Baikorregi jokatu zutela uste du presidenteak: «Errealitateak erakutsi digu azkarrago joan behar genuela». Gradualismoarenak egin du.

Argentinak gaur bertan hasi behar du erreskatearen baldintzak berriro negoziatzen, eta, horretarako, New Yorkera joango da Nicolas Dujovne Ekonomia ministroa. Batzar horretan eskainiko dituen sakrifizioen zerrenda aurreratzea erabaki zuen atzo gobernuak, zer gerta ere.

Gastu publikoari artaziak iragarritakoa baino gehiago sartzea da plan berriaren oinarria. Hala, Argentinak agindu du 2019. urterako aurrekontuak orekatuko dituela, defizit primarioa zero izateraino jaitsita. Hau da, gobernuak ez du kanpo finantzaketarik edukiko aurrekontuak osatzeko, eta datorkion dirua, erabiltzekotan, interesak eta amortizazioak pagatzeko izango da. NDFrekin hitzartuta zegoen agiriarekin alderatuta, 5.000 milioi eurotik gora lortu beharko ditu Argentinak, gastuak atxikita edo zerga gehiago bilduta.

Ministro gutxiago

Macrik «larrialdi» egoera dela ohartarazi zuen, eta horrela justifikatu zituen hartutako neurriak. Jasoko dituen kritikei aurrea hartzeko asmoz, gobernutik bertatik hasiko ditu aldaketak. Hala, bederatzi ministerioren zereginak beste batzuetan sartuko ditu, eta kabineteko ministroak erdira baino gutxiagora jaitsiko dira.

Diru sarrerak handitzea ere lortu nahiko du gobernuak, horretarako zerga berriak ezarrita zerbitzu, lehengai eta eskulangintzen esportazioei. Macrirentzat, porrot pertsonala da, tasa horiek kentzearen alde agertu izan delako betidanik. Presidentearen ustez, zerga hori «oso txarra» izango da, baina adierazi zuen ahalegin bat eskatu behar zaiela «gehien dutenei». Erreskatean iragarrita zeuden neurrietan ere sakonduko du Argentinak. Inbertsio publikoa, soldatak, gastu korrontea eta garraioari emandako subsidioak jaitsiko dira datorren urterako aurrekontuetan.

«Ez gara esperimentuak egiten ari garen sadiko talde bat», ziurtatu zuen Dujovne Ekonomia ministroak, neurrien berri emateko agerraldian, «uste dugu neurri hauek direla egokienak argentinarrek aurrera egin dezaten».

Egin dira austeritatearen botikak ekonomia errealean izango dituen ondorioen lehen kalkuluak ere. Ekonomista pribatuek, aurten, %0,3 inguruko erorketa bat aurreikusten zuten orain arte, baina gobernuak berak onartu du posible dela bi puntu edo gehiago hondoratzea. Pobrezia igoko dela ere aitortu du.

Dolarra noraino indartuko den da zalantza nagusia. Pesoa enpresak eta herritarrak itotzen ari da. Jaitsierak piztu duen inflazioa kontrolpean jartzen saiatzeko, Argentinako Banku Zentralak %60 txundigarri bateraino igo ditu interes tasak. Atzo, neurriek ez zuten eten pesoaren amiltzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna