Gasteizko Gaztetxean bost pertsona atxilotu dituzte

Gazte Asanbladak Polizia kritikatu du: «Salbuespenezko jarrera dute herri mugimenduko espazioen aurka». Ez dute eraikina «hutsarazi»

Poliziak, atzo, Gasteizko Gaztetxe parean. KIKE FERNANDEZ PINEDO.
Erredakzioa
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Bost pertsona atxilotu zituzten atzo Gasteizko Gaztetxean. Berehala zabaldu zen atzo goizean berri hori. Efe albistea agentziaren arabera, hainbat auzok bertan sortzen ari ziren zarataren harira protesta egin zuten, eta hori izan zen atxiloketak ekarri zituen operazioaren zioa. Gaztetxe barrutik, gainera, hainbat objektu jaurti zizkietela azaldu zuten udaltzainek, eta ertzainen laguntza behar izan zutela. Azaldu zuten hala ere gazteak oldartu egin zirela, eta zauriak eragin zizkietela hainbat poliziari. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuen, hain justu, bi ertzainek osasun arta behar izan zutela.

Gazte Asanbladak gertaeraren gaineko «xehetasunak» biltzen ari zela adierazi zuen atzo ohar baten bitartez, baina lehen gogoeta bat plazaratu zuen: «Indar errepresiboek salbuespenezko jarrera dute herri mugimenduko espazioen aurka». Gazteek gezurtatu egin nahi izan zuten, gainera, albistearen zati bat: «Hainbat hedabidek aditzera eman duten arren, gure gaztetxea ez dute hutsarazi». Bide batez, poliziek kolpeka eta borrekin zauritu dituzten gazteen irudiak ere zabaldu ziren atzo sare sozialetan, eta haien portaera bortitza agerian utzi nahi izan zuten testigantza horietan.

Kritikak eragin ditu albisteak. EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako eledun Kike Fernandez de Pinedok, adibidez, adierazi du Poliziaren «probokazio» baten itxura izan zuela gertatutakoak: «Zentzuzko erabakitik gutxi eta probokaziotik asko dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.