Eskola jazarpeneko inoizko kasu gehien aztertu du Eusko Jaurlaritzak: 553

Orotara, 79 kasu baieztatu ahal izan dituzte iazko ikasturtean. Bost kasutatik batean Internet bidezko jazarpena ere izan da

Jose Angel Ayucar eta Cristina Uriarte, atzo Bilbon egindako agerraldian. IREKIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Botere desoreka, helduen ezkutuan jardutea, nahita eta era kontzientean aritzea eta denboran luzatzea. Besteak beste, jokabide horiek ageri dira eskola jazarpeneko kasuetan. Eusko Jaurlaritzak ezaugarri horiek dituzten 79 kasu atzeman zituen iazko ikasturtean. Bestalde, jazarpena izan zitezkeen 553 aztertu zituzten. Ikertutakoen eta baieztatutakoen arteko aldea nabarmena da. Hala azaldu du arrakala Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Lehen aintzat hartzen ez ziren kasu asko aztertzen dira egun. Sentsibilizazio handiagoa dago, eta kasuistika askoz zabalagoa da ikerketa abiatzeko».

Orain hamar urte hasi zen Hezkuntza Saila Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ikastetxeetako eskola jazarpeneko kasuak jasotzen eta lantzen. 2017-2018 ikasturteko datuak jakinarazi zituzten atzo eginiko agerraldian. Jose Angel Ayucar hezkuntza ikuskatzailea ere han izan zen. «2008an hasi ginen eskola jazarpenari erreparatzen, eta ordutik aldaketak izan dira prozeduretan», esan zuen. Azaldu zuen ikuskatzaileek paper pasiboa jokatzen zutela lehen, baina azken hiru ikasturteetan paper aktiboagoa agertu dutela. «Galdetu egiten diegu, eta eskola jazarpena gure kontrol bisita guztietan integratu dugu».

Marka berri bat erakusten dute datuek. «Inoiz baino kasu gehiago» ikertu zituzten iaz: 553. Hala ohartarazi zuen sailburuak. Era berean, egoera azaltzeko beste zenbait datu ere ikusarazi zituzten. Batetik, erasoak zein adin tartetan pilatzen diren: 45 kasu zenbatu zituzten Bigarren Hezkuntzan, eta 33, berriz, Lehen Hezkuntzan. Bestetik, Uriartek ohartarazi zuen jazarpen bide berri bat ireki dela teknologiaren garapenaren ondorioz. Kezkatuta agertu zen: «Joan den urteko kasuetan bost jazarpen kasutik batean sare sozialek zeresana izan zuten. Ziberjazarpenaren aurrean ere lan egin behar dugu».

Tresnak eta neurriak

Orain urtebete pasatxo aurkeztu zuten tresna izan zuen hizpide Uriartek: Bizikasi programa. Horren bidez, «elkarbizitza positiboa sustatzea eta eskola jazarpenari aurre egitea» dute helburu. Hezkuntza komunitate osoaren prestakuntza du oinarri, eta asmoa da lehen fasea aurten amaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.