Hondarribian sugegorri bat ikusi zutela esan zuten pertsonak salatu dituzte

Ertzaintzak dio «eskuetatik ihes» egin ziela «txantxak». Poliziek bi egun behar izan dituzte gertakaria faltsua zela frogatzeko, eta beldurra zabaldu da

Amute auzoko padurarako sarrera itxita, ostegun arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Hondarribia
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bi lagunen arteko «txantxa bat». «Eskuetatik ihes» egin zien, eta bolo-bolo ibili zen; bereziki, Interneteko sare sozialetan. Besteak beste, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza eta komunikabideak mugiarazi zituen abisu faltsuak, eta beldurra zabaldu. Salaketa jaso eta ia bi egunera ondorioztatu dute Hondarribiko Amute eta Jaitzubia auzoen arteko paduran (Gipuzkoa) ez zegoela irudietan azaltzen zen Gabongo sugegorri «arriskutsurik». Gezurra zela dena.

Ertzaintzak 40 urte inguruko bi emakumeri leporatu die gertatutako guztia: «Ez zuten txantxa gelditzeko unea aurkitu», azaldu zuen atzo ikerketako buruetako batek, Hondarribiko alkatearekin batera eginiko agerraldi batean, ustez sugea ikusi zuten lekutik gertu, eta kazetari saldo baten aurrean. Segurtasun Sailak fiskaltzara igorri du ikerketa.

Hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra jaso dezakete pertsona horiek, Zigor Kodearen 561. artikuluaren arabera. Eta, larritasunaren arabera, 150 eta 600.000 euro arteko isuna ere bai, babes zibilaren alorrean administrazioaren baliabideak abiarazi dituen salaketa bat egiteagatik; halakoak diruz zigortzeko aukera zabaldu zuen legebiltzarrak 2016an.

Horrelakoak «gutxitan» iristen zaizkiela azaldu du Segurtasun Sailak: 2017an, 112 zerbitzuan jasotako dei guztien «%1 baino gutxiago». Baina badaezpadako neurri gisa eta kasuen arabera protokolo zehatzak abiatu behar dituztela dio. Kasu honetan, Aranzadi zientzia elkarteko herpetologoak deitu zituzten sugea harrapatzeko, eta Osakidetzan ere prestatu ziren zer gerta ere.

Udalak zabaldu zuen

«Txantxa» batek Interneten har dezakeen dimentsioaren adibide da gertakaria, eta instituzioek halakoei ematen dieten sinesgarritasunarena edo kontrol faltarena. Ertzaintzaren arabera, bi pertsonetako batek udaltzaingoan ohartarazi zuen suge bat ikusi zutela, eta adiskideak emandako argazkia erakutsi zuen; harekin izan ziren gero, eta hark ere esan zuen ikusi zuela. Udaltzainek «frogatu» zuten pertsona horrek ez zuela «Internetik jaitsi» irudia; sinesgarritzat jo zuten, eta lekua itxi zuten. Udalak abisua eman zien beste erakundeei, eta herritarrak ohartarazi zituen sare sozialen eta komunikabideen bidez. Ordu batzuk geroago, ikerlariak ohartu ziren irudi hori ezin zela leku hartan ateratakoa izan, eta Ertzaintzak argazkiaren jabea galdekatu zuen. Orduan aitortu zuen egia. Polizien arteko «elkarlana» nabarmendu zuen alkateak atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.