Helduen euskalduntzea «unibertsala eta doakoa» izatea eskatu du LABek

Eusko Legebiltzarrari helarazi dizkio proposamenaren oinarriak. Salatu du euskaltegien finantzaketa eredua «gero eta ilunagoa» dela
LAB sindikatuak atzo egindako agerraldia.
LAB sindikatuak atzo egindako agerraldia. BERRIA

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko martxoak 26
LAB sindikatuak jakinarazi du Eusko Legebiltzarrari eskatu diola aldaketa «sakon» bat egiteko helduen euskalduntzearen sektorean. Sindikatuak «lau oinarri» proposatu dizkio legebiltzarrari: helduen euskalduntzea eta alfabetatzea «unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatezkoa» izatea. LABen esanetan, erakundeak ez dira «gai» izan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta ez dute lehentasunen artean izan herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea. Jakinarazi du mobilizazioak egingo dituela.

«Euskara eta gaztelania dira EAEko hizkuntza ofizialak. Ofizialtasun horrek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea aitortzen die herritarrei. Eta, era berean, betebehar bat ezartzen die botere publikoei: botere publikoek eskubide horiek bermatu behar dizkiete herritarrei», nabarmendu du sindikatuak. Azpimarratu du euskara hizkuntza «normalizatua» izan dadin ezinbestekoa dela herritarrak euskara jakitera erakartzea, eta horretarako baliabide «errealak» behar direla.

Horretaz gain, LABek kritikatu egin du euskaltegien finantzaketa eredua: «Helduen euskalduntzean doakotasuna bermatu beharrean, ikusten ari gara euskaltegien finantzaketa eredu gero eta ilunagoa eta prekarioagoa ezarri nahi dutela».

Modu berean, sindikatuak gehitu du «prekarizazioa» nabarmena dela euskaltegietako irakasleen artean, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «irtenbide duin bat» eman diezaiola helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruari. «Sektoreko langile guztiek lan baldintza duinak eduki behar dituzte: egonkortasuna, formakuntza, aitortza eta etorkizuneko aukerak».

Euskara eztabaidagai

Azaroan, EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu zuen euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko, eta tramitazioa martxan da parlamentuan. Jaurlaritzak legea tramitatzearen aldeko irizpena eman zuen. LABek uste du lege hori erabiliko dutela «helduen euskalduntzean pribatizazioa eta prekarizazio handiagoa ezartzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna