Osakidetzak ezingo du kaltetu gisa aurkeztu bere oposizioen auzian

Epaileak ez du onartu eskaera, eta Osasun Sailari gogoratu dio bera izan litekeela erantzule zibila

Sindikatuetako ordezkariak, epaitegian. JAVIER ZORRILLA / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Osakidetzak kaltetu gisa — herri akusazio gisa— aurkeztu nahi du bere oposizioen auzian, baina kasua ikertzen ari den epaileak atzera bota du eskaera, argudiatuta Eusko Jaurlaritzaren osasun zerbitzuak ez duela frogatu bere aurkako kalte posiblerik. Ikerketak aurrera egin ahala halakorik erakutsiko balu, aukera izango luke auzibidean parte hartzeko.

Yolanda Varona instrukzio epaileak uste du oraindik ez dagoela argi zein den Osakidetzaren rola prozesuan. Are gehiago: erabakiarekin osasun zerbitzuari ohartarazi dio bera izan litekeela ikertzen ari diren delituen erantzule zibila. Aurreko astean, osasun zerbitzuak helegitea jarri zuen ebazpen horren aurka.

Otsailean, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak tramiterako onartu zuen Carmen Adan EAEko fiskalburuaren salaketa. Hiru mediku akusatu zituen, hirurak Osakidetzako zuzendaritzako kideak: Giza Baliabideetako zuzendari ohi Juan Carlos Soto eta zuzendariorde Xabier Balerdi, eta Osasun Arretako zuzendari Andoni Arzelai. Epaileak ez du baztertzen beste norbait inputatzea.

Fiskaltzak salaketan nabarmendu zuen Osakidetzako zuzendaritzak ez zuela irizpide objektiborik jarri oposizioak prestatu zituzten kideak eta epaimahaikoak aukeratzeko orduan. Frogatu zuen berak ikertutako alorretan, besteak beste, zuzendaritzako kide batzuek zuzenean izendatu zituztela epaimahaiko kide batzuk, eta horien artean zeudela azterketa aurretik jaso zuten pertsona batzuen lankideak eta senideak. Etsamina egin aurretik ere langile batzuek salatu zuten filtrazioak egongo zirela, eta jarduteko modu hori aspaldikoa zela Osakidetzan.

Osakidetzak argudiatu du auzian parte hartu nahi duela ikerketako informazioa jasotzeko eta frogak proposatzeko. Instrukzioaren hasieratik azaldu du parte ez hartzea bere interesentzako kaltegarria izan daitekeela. Gaineratu du informazioa nahi duela osasun zerbitzuak har ditzakeen barrurako erabakiei begira ere.

Aldaketa prozesuan dago Osakidetza. Fiskaltzak salaketa jarri eta hilabete geroago, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman zuen. Aurretik, gauza bera egin zuten Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariak.

Apirilean, Osakidetzak hobekuntzak iragarri zituen oposizioetako azterketetan. Hamabi neurri; nagusienak, bi: zozketa bidez aukeratzea epaimahaiak, eta irizpide objektiboak zehaztea horko kide izan ahalko duten hautagaientzat. Halaber, proba teorikoak prestatzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko adituengana jotzea proposatu du. Batzorde bat osatu dute legebiltzarrean, lan eskaintza publikoetarako eredu berria lantzeko.

Azterketetako emaitzak

Legebiltzarreko Osasun Batzordea bildu zen atzo, eta EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Elkarrekin Podemosekin adostuta: eskatu zuten iazko ekainean eginiko azterketetako emaitzak behin-behinean eteteko epaitegietan dauden kasuak argitu arte. PP abstenitu egin zen, eta eskaerak ez zuen aurrera egin. EAJk argudiatu zuen legebiltzarrak ezin duela halakorik egin, orain auzitegien esku dagoelako horri buruzko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.