Iruñeko masajista bat ikertzen ari dira, sexu abusuak egin dituelakoan

Hiru andrek salatu dute; orain jakin da kasu bat, epai zain dago beste bat, eta hirugarrena, artxibatuta. Argitu nahi dute kasu gehiago badiren
Bortxa matxistaren aurkako protesta bat, artxiboko irudian.
Bortxa matxistaren aurkako protesta bat, artxiboko irudian. I. ZABALETA / FOKU

Erredakzioa -

2019ko maiatzak 14
Atzo jakin zen Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak ikerketa bat abiatu duela, emakume batek Iruñeko kiropraktiko eta masajista baten kontra jarritako salaketaren ondorioz. Andreak salatu du sexu erasoa egin ziola masajea emateko aitzakiarekin. Ikerketaren barruan, magistratuak agindua eman die Foruzaingoari, Espainiako Poliziari eta Iruñeko Udaltzaingoari, beste biktima batzuk identifikatzeko gestioak egin ditzaten, halakorik balego. Iruñeko erdigunean dagoen masaje zentroa ixteko aukera ere aztertzen ari da epailea, eta hiru eguneko epea eman die aldeei, horren gaineko alegazioak aurkez ditzaten.

Atzo jakinarazi zuten ikerketaz gainera, beste bi auzibide zabalik ditu masajistak sexu abusuak leporatuta; beste bi bezerok jarritako salaketen ondorio dira horiek. Horietako salaketa baten epaiketa duela bi aste egin zuten Iruñean, eta sententziaren zain daude orain aldeak. Beste salaketa, berriz, artxibatua izan zen behin-behinean.

Indarkeria matxistarekin lotutako beste kasu baten berri ere izan zen atzo. Jakin zen Gasteizko Udaltzainek igandean gizon bat atxilotu zutela bere bikotekidearen kontra egitea egotzita; izan ere, ibilgailu bat gidatzen ari zen hura, baina «mehatxu eta oihuen» bidez gidatzeari utz ziezaion lortu zuen gizonezkoak, eta bera gidatzen hastea. Indarrez sartu zuen andrea ibilgailuaren atzeko partean. Igande goizaldean, berriz, 20 urteko gazte bat atxilotu zuten Donostian ertzainek; dantzaleku baten atarian jo egin zuen neska lagun ohia.

Hizpide hartu zuten atzo ertzainek larunbatean Elgoibarren (Gipuzkoa) jazo zen hilketa ere. Gizon baten eta andre baten aurkako erasoa izan zen, eta gizona hil egin zen. Hainbat iturrik esan dute erasoaren egilea delakoan atxilotuta dagoen gizona andrearen bikotekidea izana zela, baina ukatu egin dute ertzainek bertsio hori: halako erlaziorik ez zegoen.