Bandera marroia eman diote Aburtori, Poliziaren «gehiegikeriengatik»

Konpartsek salatu dute udaltzainek haien kide bat atxilotua izan dutela 19 orduz. «Poliziaren zuzendari» gisa azalpenak eskatu dizkiote alkateari

Aste Nagusiaren balorazioa egin zuten atzo konpartsek. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bilboko konpartsek Aste Nagusiaren balantzea egin zuten atzo. Oro har, aste «zirraragarria» izan dela azpimarratu zuten, baina alde ilunik ere izan duela ohartarazi zuten. Besteak beste, asteazken arratsaldean, konpartsakide bat atxilotu zuten udaltzainek. Miribillako polizia etxera eraman, eta bost orduz izan zuten han, «inkomunikatuta». 19 orduz atxilotuta egon ostean askatu zuten, eta orain etxean dago, ezin mugitu. Konpartsakideak tratu txarrak jaso izana salatu du.

Aste Nagusirako aurreikusia zegoen polizia kopuru «izugarria» salatzeko, Udal Txango Free Munipa Tour ekinaldia egin zuten asteartean konpartsek.Horien arabera, konpartsakideak «bere gorputzean» sufritu ditu udaltzainen gehiegizko presentziaren aurka egindako salaketen errepresaliak. Azpimarratu zuten polizia asko egoteak ez duela segurtasuna bermatzen.

Konpartsakidearen atxiloketa ez da izan «polizia gehiegikeriaren» adibide bakarra, konpartsek atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez. Asteazken gauean kaleko saltzaileen kontrako «eraso bortitz eta arrazista bat» izan zela ere salatu dute.

Bandera marroia Aburtori

Aste Nagusiaren alderik txarrena adierazten duen bandera marroia Juan Mari Aburto alkateari eman diote aurten konpartsek. «Jaigunea kopetilun patruilatzen eta zapuzten ibili den udaltzainen bandako zuzendaria» izatea egotzi diote. Konpartsak gizartearen aurkako bidean doazela adierazi zuen Aburtok astean zehar. Horri erantzunez, konpartsek gogoratu diote haiek kalean bizi direla, eta leporatu diote «kalearen sen ona» bere politikak «zuritzeko» erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.