Erizain falta salatu du SATSEk

Osakidetza udan «aurreikuspen faltaz» aritu dela ohartarazi du erizainen sindikatuak, eta konponbideak abian jartzeko eskatu dio

Erizainak beharrean, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
SATSE sindikatuak salatu du uda honetan erizain gabezia agerikoa izan dela Osakidetzako zentroetan: «Uda oso zaila izan da erizainen kontrataziorako. Kontratatzeko zeuden erizainen zerrendak bukatu ere egin dira». Sindikatuaren arabera, osasun sistemaren «aurreikuspen faltaren» ondorio izan da hori.

Horren ondorioz langile askok «aparteko lan zamak» hartu behar izan dituztela kritikatu du erizainen elkarteak. Horrelako egoerak saiheste aldera, «neurriak» eskatu ditu, eta oinarrizko hainbat aldaketa behar direla oroitarazi du. Hain zuzen, ezinbestekoa iruditzen zaio erizain lanpostuak ugaritzea, eta, era horretan, alorrean ari diren langileen egoera egonkortzera egitea. Lan baldintzak «hobetzera» ere egin behar dela esan du. Gainerakoan, profesionalek «ihes egiteko» arriskua dagoela pentsatzen du. Aspaldiko kezka dute erizainen ordezkariek langileen egonkortasun falta, eta beharginen egoeran eta pazienteei ematen zaien artan eragin gaiztoa duela uste dute. Osakidetzak adierazia du buruan duela erizain lanpostuak oposiziora ateratzea aurki, baina oraindik ez du jakinarazi noiz egingo duen deialdia.

Sektoreak behar dituen aldaketak sustatze aldera herri ekinaldi legegile bat prestatzen ari direla jakinarazi dute sindikatuko ordezkariek. Erizain bakoitzak gehienera ere paziente kopuru jakin bat artatu beharko duela «bermatzea» izango da testu horren helburuetako bat, egungo hainbat egoera bazter utzi, eta aparteko lan zamak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.