DARWIN ETA GU

Umil eta gizon

Jose Mari Pastor -

2019ko abenduak 7
Hala azaldu omen zen Joseba Ezkurdia bere herrian egin zioten harreran, lau eta erdiko txapelketako finala irabazi ondoren. Hala deskribatu zuen kazetariak pilotariaren jarrera, telebistan: «Umil eta gizon». Hainbeste sentsibilitate kanpaina, lengoaia sexistarik ez eta abar, eta gizon azaldu eta halakoak esaten ditugu oraindik? Gizona izatea eta gizon jokatzea gauza berdina dira? Noiz da gizon bat gizon?

Nola agurtzen dute gizonek? Nola besarkatzen dute elkar? Gobernua osatzeko akordioa lortu ostean Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek elkarri emandako besarkada aztertu zuen Jose Luis Martin Ovejerok La Vanguardia egunkarian. Komunikazio ez-ahozkoan aditua da gizona. Hark esan zuenez, besarkadek konfiantza transmititzen dute. Pertsonen arteko intimitate maila ezagutzeko balio dute. Horregatik, intentsitate emozionaleko unetzat jo zuen PSOE eta UPko buruen arteko besarkada.

«Besarkadarik amultsuena begiak itxita ematen duguna da. Zure gogoak bete-betean sentitu nahi du gorputz-hurbiltze hori. Elkarri musu ematen diogunean bezala izaten da. Gehiago sentitu nahi dugu», azaldu zuen. Adituaren ustez, «super-besarkada» izan zen bozen emaitzen berri jakin ostean Oskar Matuteren eta Mertxe Aizpuruaren artekoa. «Hor estimu handia dago. Lau eskuekin elkarri helduta, irribarre zabalak, begiak itxita. Zoriontasun handia dago». EAJk besoak gora ospatu zituen emaitzak: «Besoak gora, arrakasta seinale dira, eta hemen eskuekin hartzen dute elkar, jarrera bera, irribarretsu, talde bat dira». Umil eta gizon jokatu zuen Matutek besarkada horrekin sentimenduak eta emozioak hain agerian utzita? Harro eta gizon agertu ziren EAJkoak besoak gora, we are the champions kantatzen ibiliko balira legez?

Nola jokatzen ari dira gure politikariak, Sanchez sostengatzeko egiten ari diren negoziazioetan? PSOEko burua batetik bestera dabil: gaur bizikidetza arazoa da Kataluniako auzia; bihar, gatazka politikoa. Hori konstituzio sakratuaren barruan konponduko da, baina. Konponbidea konstituzioan bertan badago, zergatik ez dute lehenago aktibatu? 41 urte behar izan dituzte horretaz jabetzeko?

Casado eta Abascalen aldean, Sanchez omen da aukera on bakarra. Hala ere, denok dakigu makila aterako duela, beharrezkoa dela uste badu. Alta, haren makilak ez omen du hainbesteko minik ematen. Badirudi horrekin konformatzen garela. Sanchezen 155.a biguna izango da: ez ditu atzaparrak sartuko hezkuntzan, ez du gure hedabideen kontra egingo, ez ditu presoak Chafarin uharteetara bidaliko —Arantza Zulueta Valentziara eraman dute, ez Puertora, zeinen jatorrak diren—. Haatik, zerk pentsarazten digu Sanchezek etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea onartuko digula? Ondo dago hitz egitea eta negoziatzea, baina txeke zuririk eman gabe. Eta argi ibili: ametsetan hasi bezain laster, Carmen Calvo ager liteke kazetarien aurrean bere betiko leloa errepikatzeko: ez dago erabakitzeko eskubiderik. Halaxe. Gogor eta emakume azalduko da Calvo. Ala gizon?

Pragmatismoa ondo dago, neurriz. Baina aurrekoari plazer egiteko muga batzuk gainditzen badituzu, kontuz. Joan den hilean, Joan Tarda sozialista katalanen inguruko fundazio batek antolatutako jardunaldietan mintzatu zen. «Begi-bistakoa da Espainia estatu demokratikoa dela», esan zuen ERCko diputatu ohiak. Oso demokratikoa ez da izango, bada, bozkatzera doazenak jipoitu eta herritarrek emandako agindua betetzen duten politikariak espetxeratzen dituenean. Zer pentsatuko dute Lledoners eta beste kartzeletako presoek Tardaren esanei buruz? Umil agertu zen Tarda 155.aren defendatzaileen aurrean. Gizon ere bai?

Männer -Gizonak- Herbert Grönemeyer kantari alemaniarraren lan famatuenetako bat da. «Gizonek ezkutuan egiten dute negar / Gizonek samurtasun handia behar dute», dio abestiak. Kantariaren arabera, kanpotik «gogorrak» dira gizonak, baina barruan «guztiz bigunak». Alemaniarrak galdera honekin bukatzen du kanta: «Noiz da gizon bat gizon?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna