Esako urtegiko lanak geldiarazi dituztela ukatu du Teresa Riberak

Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du ingeniari eta adituekin ziurtatuko duela segurtasuna «edozein urrats egin aitzin»

Esako urtegiaren irudi panoramiko bat, iazkoa. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak atzo Kongresuan esandako hitzek nahasmena eragin dute. Kontrol saioan, adierazi zuen Esako urtegia handitzeko lanetan ez dutela urrats bat aurrera egingo harik eta bideko ingeniariekin azpiegitura handitzea «erabat segurua» dela ziurtatu arte. Adierazpenon aurrean, Esa-ez plataformak ondorioztatu zuen obrak gelditu egingo zituela Espainiako Gobernuak, eta hala nabarmendu zuen sare sozialetan. Haatik, Teresa Riberak berak erantzun egin zion interpretazio horri: «Ez da egia. Aldiz, egia da gure konpromisoa segurtasunarekin, zaintza iraunkorrarekin eta txosten teknikoei ematen diegun arretarekin, tartean Bideko Ingeniarien Elkargoaren ikuskaritzarena».

Kontrol saioan, Riberak aipatu zuen 2018ko uztailean hartu zuten lehen erabakietako bat izan zela lanen segurtasunari buruzko txosten bat eskatzea Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoari: «Ez dugu urrats gehiago eginen haiekin kontrastatu arte erabat segurua dela bide berean segitzea», esan zuen, hitzez hitz.

Espainiako Kongresuan egin zituen Riberak adierazpenok, atzo. EH Bilduk eta EAJk galdera sorta bana erregistratu zuten gaiari buruz, Uraren Kultura Berria erakundeak argitaratutako azken txostenak lanen segurtasuna auzitan jarri ostean.

Geroa Bai, kexu

Koldo Martinez Geroa Baiko senataria kexu agertu da sorturiko nahasteagatik, eta salatu du «ziurtasunik eza» sustatu duela Riberaren jokaerak: «Gai hau serioegia da Kongresuan gauza bat esan eta ondoren kontu ofizialean aurkakoa adierazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.