Albistea entzun

Gasteizko San Frantzisko elizan jarriko dute Memoriaren Gunea

Gotzaindegiak, Gogora-k, Arabako Foru Aldundiak eta udalak akordioa lortu dute zentroa 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren lekuan egiteko
San Frantzisko elizaren aurrean egindako ekintza bat, 2018an.
San Frantzisko elizaren aurrean egindako ekintza bat, 2018an. J. FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Erredakzioa -

2021eko otsailak 18 - Gasteiz

Gasteizko Gotzaindegiaren, Gogora institutuaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean akordioa lortuta, Gasteizko San Frantzisko elizan jarriko dute Memoriaren Gunea. Sinbolikoa eta adierazgarria da lekua, han hil baitzituen Poliziak bost langile 1976ko martxoaren 3an. Komunikabideen bidez zabaldu zen atzo berria, eta Memoria Gara egitasmoak jakinarazi zuen larunbatean zehaztapen gehiago emango dituztela: 11:00etan agerraldia egingo dute, Martxoaren Hirua plazan. Gaur, berriz, akordioari buruzko informazio gehiago emango dute erakundeek. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, fundazio bat sortuko dute espazioa kudeatu eta han erakutsiko duten materiala hautatzeko.

Biktimen elkarteen aspaldiko eskaera da San Frantzisko elizan memoriaren gune bat eraikitzea, eta haien bultzadaz sortu zen Memoria Gara egitasmoa, 2018an. Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako koordinatzaileak iritzi artikulu batean plazaratu duenez, akordioa lortuta, «hurrengo orria idazten hasteko» garaia da orain: «Martxoaren 3ko borrokarekin eta polizia indarkeriaren biktima guztiekin gizarte gisa dugun zorra kitatzen lagunduko duen espazio baten edukia, eredua eta kudeaketa definitzeko garaia da». Haren hitzetan, 1976ko sarraskia azalduko duen gune «irekia, herrikoia eta dinamikoa» definitu behar dute, «aldi berean egiaren berri emateko, justizia egiteko eta biktimei erreparazioa eskaintzeko» balioko duena: «Fase zirraragarri berri bat hasi da, hiriaren oroimenari, biktimen duintasunari eta Martxoaren 3ko borrokari justizia egiteko». Prozesu horretan biktimak, eragileak eta Memoria Gara egitasmoa bera kontuan hartzeko beharra nabarmendu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.