Berdintasun Legea betetzeko tresnak eta aurrekontuak eskatu dituzte

Talde feministek legea berritzea babestu dute, baina zehaztapen gehiago exijitu dituzte

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordea, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lege berria aztertzen ari dira aste hauetan Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, eta atzo ekarpenak egin zizkioten hainbat eragilek, lege proiektua ikuspegi feministatik aztertuta. Tartean, hitza hartu zuten Feministaldeko kide Ana Palaciosek eta Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Nahia Torrealdaik: legea berriak teorian ekarriko lituzkeen onurez harago, neurriak betetzearen beharraz aritu ziren.

Palaciosen arabera, berdintasunaren alorreko arazoa ez da lege falta, baizik eta horiek ez direla betetzen. Borondate politikoa exijitu zuen: «Lege berriak egiten, aurkezten, eztabaidatzen eta hobetzen ematen den denbora guztiarekin denbora kentzen zaio jada indarrean dauden legeak betetzen saiatzeari. Arauak osorik betetzea eskatzen dugu, eta berdintasun lege berrien alderdi loteslea indartzea». Legearen izaera «boluntarista» ere aipatu zuen, lengoaiari erreparatuta; haren irudiko, gehiegi erabiltzen dira sustatu eta bultzatu bezalako hitzak. Bide beretik jo zuen Torrealdaik: «Dagoena betetzea aurrerapausoa izango da, legearen hutsune nagusienetarikoa ez betetzeko inertzia hori delako. Lege hau nola betearaziko den ziurtatzeko, neurri, mekanismo eta ebaluzio irizpideak falta dira».

Aurrekontuaz ere mintzatu ziren. Feministaldeko kideak azpimarratu zuen prozesu parlamentarioan «galdu» egin dela memoria ekonomikoa, eta Emakundek landutako dokumentu horretan zehazten zirela legea betetzeko beharrezkoak diren baliabideak. Memoria hori «berreskuratzeko eta aplikatzeko» eskatu zuen. Torrealdaik, berriz, esan zuen espero duela legeak aurrekontu indartsu bat izatea: «Azken finean, lehentasun kontua da. Bestela, guztiok denbora galtzen ari gara hemen».

Bilgune Feministako kideak «zehaztapen eta neurri falta» kritikatu zituen, eta mekanismoak jartzeko beharra azpimarratu. Aipatu zuen aurrerapausoa izan dela «intersekzionalitatea aipatzea», baina horren definizioa eta aplikazioa zehaztea falta dela. «Indarkeriaren kontzeptuaren zabaltze horretan, oso anbigua den interpretazio bat da. Zehaztasun gehiago behar ditugu. Hitz egin behar da indarkeria instituzionalaz, biolentzia ekonomikoaz, pobrezia energetikoaz...». Torrealdaik eta Palaciosek beste hutsune bat ere topatu zuten: zaintzaren publifikaziora bidean urratsak egiteko bideen eta neurrien falta.

Berdintasun lege berrian ekarpenak egiteko tartea izan zuten Sortzen aholkularitzako Norma Vazquezek eta Lorena Santosek ere. Haien ustez, proiektuan «aurrerapen garrantzitsuak» bildu dira, baina legearen inguruko kezka batzuk ere azaldu zituzten. Intersekzionalitatearen erronkari begira, migratzaileen kolektiboa aipatu zuten, eta haien zaurgarritasun egoeran jarri azpimarra. Funtsezkotzat jo zuten indarkeria forma guztiei erreparatzea, eta enfasi berezia egin zioten zaintza alorrean gertatzen diren lan eremuko sexu jazarpenei.

Bestalde, esan zuten legeak jasotzen duela administrazioek denbora, baliabideak eta espazio egokiak bermatu behar dituztela indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko. Beharrezkotzat jo zuten hori, baina ñabardura bat gehitu zioten: «Begiratu bat eman behar zaiola uste dugu. Ez da argi agertzen zeintzuk izango diren jarraipenerako eta ebaluaziorako mekanismoak».

Azkenik, babestu egin zuten indarkeria matxista kasuak artatzean legeak «zentralitatea kentzea» emakumeek salaketa jartzearen beharrari.

«Lege estrategikoa»

Olatukoop eta Etxaldeko Emakumeak taldeko ordezkariak ere parlamentuan izan ziren atzo berdintasun politikez mintzatzen. Haien ondoren, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hartu zuen hitza: «Lege proiektua berdintasun politikak indartzeko tresna estrategikoa da». Nabarmendu zuen 2005ean onartu zen berdintasun legea «mugarria» izan zela, eta «horri esker pauso sendoak» eman direla. «Lege hori aitzindaria eta erreferentea izan zen». Erantsi zuen orain aztertzen ari diren lege berriak berdintasunerako politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartzea ekarriko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.