Siemens Gamesak kaleratzeak aipatu ditu, galera handien ondoren

Lehengaiak garestitu izanaren ondorioz, haize errotak kostu azpiko prezioetan saldu ditu, eta 368 milioi euroren galerak pilatu ditu aurten

Siemens Gamesaren haize errota bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Lana badu, bezero berriak erakartzeko gaitasuna ere bai, eta etorkizuneko sektore batean ari da, baina gauzak ez doaz ongi Siemens Gamesan. Azken bederatzi hilabeteetan 368 milioi euro galdu ditu; horietako 314 milioi, azken hiruhilekoan, eta Andreas Nauen enpresako buruzagi berriak ez du baztertu Espainiako adarrean kaleratze gehiago egiteko aukera.

Berez, Siemens Gamesa iazko emaitzak hobetzen ari da, duela urtebete diru gehiago galdu baitzuen. Baina konfinamenduaren geldialdiak bete-betean jo zuen iazko emaitzetan. Aurten ez dago halakorik, eta Zamudioko konpainiak sektore eolikoaren aje nagusiari egin behar dio aurre: errentagarritasun eskasari. Garestia da haize errotak egitea eta instalatzea, baina lehia handia dago sektorean, eta erosleek asko estutzen dituzte prezioak, ekoizleen irabazi marjinak ia ezabatzeraino.

Azken hilabeteetan beste faktore bat batu zaio errentagarritasun txikiaren faktoreari: lehengaiak garestitu izana. Horren ondorioz, azken hiruhilekoan haize errotak kostu azpiko prezioan saltzen aritu da. Altzairu asko behar da haize errotak egiteko, eta azken urtean ia %60 garestitu da haren prezioa, ekonomia suspertu izanaren ondorioz. Berri ona da hori Arcelor Mittalentzat —lan betean ari da Euskal Herriko fabriketan ere—, baina txarragoa da altzairua erabiltzen dutenentzat.

Lehengaien prezioen gorabeherei aurre egiteko, Nauenek azaldu du bere haize erroten salneurria haiei indexatzeko asmoa duela. Hau da, bezeroekin kontratua egitean klausula bat jartzea prezioa aldatzeko baldin eta altzairuaren eta beste materialen salneurria handitzen bada.

Kaleratzeen aukera

Siemes Gamesako buruak aitortu du lantaldea gutxitzea izan daitekeela kostuak txikitzeko eta «luzera begirako errentagarritasuna bermatzeko» beste bide bat. Duela ia urtebete itxi zuen Euskal Herrian geratzen zitzaion ekoizpen lantegirik handiena, Agoizkoa (Nafarroa), eta haren ondotik beste bat itxi zituen As Somozasen (Galizia), eta beste bat Cuencan (Espainia). Aurretik, Tuterako eta Altsasuko fabrikak (Nafarroa) itxi zituen, eta kaleratze asko egin zituen Zamudioko eta Sarrigurengo bulegoetan.

Galera handiak izan arren, enpresaren etorkizunari buruz baikor azaldu nahi izan du Nauenek. «Energia eolikoaren potentzialitate handia» gogorarazi du berriro Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak, eta horren erakusgarria da eskarien zorroa gizentzen jarraitzen duela.

Azken urtean 11.864 milioi euroren eskariak jaso ditu, eta 32.561 milioi euroren lanak zituen egiteko ekainaren 30ean, urtebete lehenago baino %3 gehiago. Azken hiruhilekoan batez ere lurreko haize errotak eskatu dizkiete (+%13), eta Nauenek onartu du offshore edo itsasokoetan aldaketa handiak daudela eskaeretan hiruhileko batetik bestera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.