ELBk manifestazioa eginen du bihar hegazti hazleei babesa erakusteko

Hegazti gripearen proban positibo eman ondotik, Beti Aitzina etxaldeko ahate guziak hil dituzte

Departamenduko zerbitzuak, ahateak hil eta zakarretara botatzen. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki - Joanes Etxebarria
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Orain dela hamabost egun sartu zen hegazti gripea Lohitzüne-Oihergira (Zuberoa), eta Beti Aitzina etxaldea zen kabalak bizirik zituen azken hazkuntza. Orain arte ahateak sano ziren, baina herenegun beste test bat egin zieten albaitariek, eta egun bukaerarako iritsi zitzaien emaitza: hegazti gripearen proban positibo eman zuten. Administrazioko zerbitzuak atzo eguerdian joan ziren etxaldera ahateak hiltzera. ELB sindikatuak ez zuen hiltzea oztopatu, baina dozena pertsona bildu ziren laborariei babesa erakusteko. Bihar manifestaldia eginen dute Donapaleun, 14:00etan, «ahate, oilo eta oilasko hazle guzien sostengatzeko, kanpoko hazkuntzaren hautua egin dutenen eta bai eta talde handienen manuen peko diren laborari guztien sostengatzeko».

Administrazioaren agindua onartu badu ere, Julen Perez Beti Aitzina etxaldeko hazlea ez da ados erabakiarekin. «Betiko istorioa da ahate sailean. Frantziako Estatuan bi laborantza mota badira: sail industrialak indar anitz du, eta hark ditu norabideak ematen. Eta bada gurea bezalako etxe-ekoizleen laborantza. Modelo batek besteari gaina hartzen dio aspalditik, eta azken urteetan gero eta azkarrago doa», esplikatu zuen, atzo, Euskadi Irratian. «Sail industrialak gero eta kabala gehiago ekoizten ditu, gero eta denbora gutiagoan. Beraz, kabala dentsitate handiak badira eremu txikietan, eta Lohizüne horren froga da. Laborari franko bada sail industrialean lanean ari dena. Haien etxaldeetan sartu da hegazti gripea, eta, duten egituraketaren ondorioz, etxaldez etxalde iragan da».

Beti Aitzina etxaldetik 400 metrora sail industrialean ari den etxalde bat dute. Perezen ustez, seguruenik horrela kutsatu dira. «Istorio honetan biktimak gara. Gu lanean ari gara nehori kalterik egin gabe, baina, egun ikusten dugu ez dela posible: sail industrialak egunero mehatxatzen gaitu». Industrialki ari diren etxalde horien funtzionamendua nolakoa den esplikatu zuen Perezek: «Ahateek bere bizian lau leku ezberdin ikusten dituzte, eta leku horien artean aldi guziz garraioak badira. Etxalde batek ahateak sortzen ditu; beste batek hazten ditu; beste batek galkatzen ditu, eta berriz hartuak dira hiltegira eramateko». Ahateek kilometro anitz egiten dituzte horrela. «Hazkuntza hori egituratua duten maneran, nahiago dute leku gutxian ahate franko ukan, leku frankotan ahate guti baino».

ELB sindikatuak, hegazti gripearen hastapenetik, eredu industriala eta etxalde tipien arteko bereizketa egitea galdegin du. «Gure eskualdeko etxaldeen berezitasuna kontuan hartua izan dadin galdegiten dugu; etxalde tipiak, dentsitate gutiagorekin eta geografikoki bata bestetik urrun», erran dute aste honetan. Bi hazkuntza sistemek, Julen Perezen ustez, ez dute ondorio bera eritasunarekiko: «Aspalditik galdegiten dugu etxaldeak sortzen duen arrisku mailaren araberako legedia plantan ezartzea. Sail luzeko etxaldeek arrisku anitz sortzen dute. Eritasuna eredu horretarik abiatzen da, hortik hedatzen da, eta modelo horrek entretenitzen du kabala guztiak hil artio», trenkatu du Ipar Euskal Herriko Hitza-ri egindako adierazpenetan.

FDSEA, txertoaren alde

France Bleu irratian berriki egin adierazpenetan, FDSEA sindikatuak txertoaren aldeko parioa egin du. Esperimentala izanik ere, Franck Laborde departamenduko sindikatu buruak uste du beste bideak mugatuak direla: «Laborariek aterabideak plantan ezarri dituzte: batetik, neurri sanitarioak hartuz hegaztietara doazenean; eta, bestetik, inbertsioak eginez ahateak aterpetzeko hegazti migratzaileak gure eskualdean daudelarik. Agerikoa da neurri horiekin ez dela aski; txertoa da aurre egiteko ikusten dugun aterabidea». Frantziako Laborantza Ministerioari eskatu dio Pirinio Atlantikoetako Departamendua eskala handiko esperimentazio gune bilakatzea.

Txertoa aterabide gisa ikusten duenez galdeturik, Julen Perezek baiezkoan ihardetsi dio Ipar Euskal Herriko Hitza-ri: «Axuri, zerri, ardi, behi... beste kabala guztiekin egiten da, eta emaitza onekin», dio lehenik. «Baina saila egituratua den bezala txertoa plantan ematen bada, nik uste dut ez dela deus aldatuko. Kabala sobera badira eremu tipi batzuetan, eta, garraioen bitartez, eritasuna pizten da, eta, gero, denetan hedatzen», gehitu du segidan. Tresna gehigarri gisa ikusten du hazleak, eta ongietorria eginen lioke «hiltze prebentiboez ahateak gerizatu» ahal izanen balitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.