Gasteizko Mercedesen hirugarrenez eten dute ekoizpena ekain honetan

Sindikatu guztiek elkarrekin egin dute grebarako deialdia bigarrenez, eta erantzun handia izan du. Negoziazioei berrekiteko eskatu diote zuzendaritzari. Jaurlaritzak uste du egoera kezkagarria dela

Mercedeseko langileek bi pankarta eraman zituzten manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Mercedesen Gasteizko lantegiko langile batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitu zuten grebara atzo. Joan den asteazkenean egin zuten lehenengo protesta bateratua, eta inoiz ez bezalako erantzuna izan zuen, ekoizpena eteteraino. Bada, atzoko mobilizazioa ere «arrakastatsua» izan zen sindikatuen hitzetan, langileen %95 ez baitziren lanera joan, eta hirugarrenez gelditu zituzten makinak hilabete honetan. Lanuzteak bat egin zuen Arabako metalgintza sektoreko greba deialdiarekin; manifestazioa elkarrekin egin zuten.

Erantzun handia izan zuen grebak, eta agerian utzi zuen sindikatuen artean desadostasunak badaude ere oinarrizko eskaeretan bat egiten dutela eta langileen babes osoa dutela. Hori bera esan zuen Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA): «Langileek lezio bat eman dute beste behin, eta erakutsi dute mobilizatzen jarraitzeko prest daudela». Gebarak zuzendaritzari eskatu zion negoziazioei berrekiteko, gainontzean «zaila» izango baita akordio bat lortzea.

Ez zen pankarta bateraturik egon, ordea; inongo sindikaturen siglarik ez zeramaten bi pankarta eraman zituzten manifestazioan Mercedeseko langileen ordezkariek: gaueko seigarren txandaren aurkako aldarria zeraman batek, eta soldatak KPIaren arabera egokitzeko eskatzen zuen besteak. Biak elkarren segidan joan ziren, metalgintzako pankarta nagusiaren ostean, eta sektoreko beste enpresa batzuen pankartekin batera.

Hain zuzen ere, Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak adierazi zuen gatazkan sindikatuen arteko batasuna lehenetsiko dutela, baina argi utzi zuen gainerakoen babesa jaso ez arren ere protestekin jarraituko dutela. «Batzordearen batasuna eskatzen ari dira langileak, eta argi dago denok elkarrekin errazago egingo dugula aurrera. Beraz, nahiko genuke aho batez onartzea hurrengo astean hiru egunetan greba egiteko proposamena. Baina, lortzen ez badugu ere, guk aurrera egingo dugu, langileek ere hala eskatu zigutelako».

Uztailaren 6an egingo dute hurrengo protesta bateratua, baina herenegun ELAk, LABek eta ESK-k adostu zuten beste bi greba egunetara gehitzea: 7a eta 8a. Langile batzordeak astelehenean du bilera, eta bertan dira horri buruz erabakitzekoak. Zer egingo duten galdetuta, ez zuen ezer aurreratu nahi izan Roberto Pastor CCOOko ordezkariak. Langileen jarrera azpimarratu zuen Pastorrek, eta egoerak eskatzen duen neurrira egoteko eskatu zion zuzendaritzari: «Enpresak alde bakarrez eten zituen elkarrizketak, eta berrekin behar diegu. Ez soilik inbertsioei buruz hitz egiteko, baita lan baldintzei buruz hitz egiteko ere. Langileek lan baldintza duinak nahi dituzte, datozen urteetan izango dituzten beharretara egokituko direnak».

Urkulluren kezka

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kezka adierazi zuen atzo beste behin Mercedeseko lan gatazka korapilatzen eta behar baino gehiago luzatzen ari delako, baina ez zuen aldeen argudioetan sartu nahi izan: «Zuzendaritzaren, langileen eta haien ordezkarien arteko kontu bat da».

Sindikatuetako ordezkariekerantzun zioten egoki ikusten dutela gatazka konpontzeko bere esku dagoena egitea, baina eskatu zioten multinazionalaren inbertsio plana eta lan hitzarmenaren negoziazioa bereizteko, eta langileen aldarriak aintzat hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.