Berriro adiskide, oraingoz

Alemaniak txaloka hartu du EB-AEB gerra komertzialaren su-etena, baina Frantzia ez da asko fio

Jean Claude Juncker eta Donald Trump, asteazken arratsaldean, Etxe Zurian. JIM LO SCALZO / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gerra komertzial oso bat eragozteko alferrikako azken saioa izan behar zuena inor gutxik espero zuen su-eten batekin amaitu zuten Jean Claude Junckerrek eta Donald Trumpek. Muga zergen kanoiak isildu dituzte EB Europako Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek, bien arteko merkataritza erraztu beharko lukeen akordio bat negoziatzen duten bitartean. Arindua hartu dute Berlinen, Alemaniako autoak izan zitezkeelako merkataritza gerra baten biktima nagusiak; Parisen, berriz, susmo txarrak nagusi dira.

Izan ere, asteazken gauean (Euskal Herriko ordua) Trumpek eta Junckerrek iragarritako akordioak esaten du EBk eta AEBek lan egingo dutela «tarifak ez diren mugak ezabatzeko». Hau da, bi blokeen arteko araudi desberdinak parekatzeko; elikagaiei eta ingurumenari dagozkien arauak, esaterako. Ate horretatik kloroz garbitutako oilaskoak eta hormonez gizendutako behiak Europan sartuko diren beldur da Frantzia, eta gai horiei buruz ezer negoziatzeko ez dagoela aldarrikatu duBruno Le Maire Finantza ministroak. «Osasun, elikagai eta ingurumen estandar handiak ditugu, eta geure kontsumitzaileak babesten dituzte. Arau horietan,Europak ez du amore emango».

Txaloak Junckerri

Alemanian, berriz, txalo zaparrada orokorra jaso zuen Junckerrek, autoak baizik ez zituztelako buruan ituna baloratzean. Alemaniak ateratzen dio etekinik handiena 50.000 milioi euroko negozioari. Atal horretan, zalantza gutxi dago: orain arteko muga zergarekin (%2,5) salduko dira aurrerantzean ere Europan egindako Mercedes, BMW eta Audiak AEBetan, eta Washingtonek alde batera utzi du %25eko muga zerga ezartzeko aukera. Oraingoz.

Baina elkarrizketen helburua izango da autoek eta beste industria gaiek tarifarik ez pagatzea Atlantikoa norabide batetik bestera zeharkatzen dutenean. «Akordioak merkataritza gerra eragotz dezake, eta milioika lanpostu salbatu. Lortzen badugu tarifak zerora jasotzea, Alemaniako industriak etekinak baizik ez ditu izango», aldarrikatu zuen Peter Altmaier Alemaniako Ekonomia ministroak.

Antzeko iritzia adierazi zuen Europako patronalen patronalak. «Arrazoia nagusitu da. Gatazka amaitzeko bide egokia da EBren eta AEBren arteko elkarrizketa prozesua», esan zuen Pierre Gattaz BusinessEuropeko buruak. Negoziazio hori noiz hasiko den eta zein epe izango duen ez dago garbi, eta ezin da baztertu egun batetik bestera hankaz gora geratzea, Trumpen izaera aldakorra ikusita. Halako zeozer gertatu zen udaberrian Txinarekin: akordioa saldu zuten Trumpek eta Xi Jinping Txinako presidenteak, baina aste gutxiren buruan elkar zigortzen hasi ziren bi aldeak.

AEBekin negoziazioak hasteko bere marra gorri bat zeharkatu beharko du EBk: esan zuen ez zuela negoziatuko «pistola lokian» zuela, hots, muga zerga berriak edo haien mehatxuak bazeuden. Bada, ekainaren 1ean AEBek EBren altzairu inportazioei jarritako %25eko tarifak eta aluminioari jarritako %10eko tarifak indarrean jarraituko dute. Muga zerga horiek —eta erantzun gisa EBk Harley Davidson motoei, Bourbon whiskiari eta beste produktu batzuei ezarritakoak— ez daude Trumpekin lortutako akordioan, baina bertan behera gera daitezke negoziazioek aurrera egin ahala.

Funtsean, orain bi aldeek bilatzen dutena TTIPen bertsio sinplifikatu bat izan daiteke. 2013tik 2016ra merkataritza transatlantikoa gehiago liberalizatzeko EB eta Barack Obamaren gobernua negoziatzen aritu ziren ituna zen TTIP. Trumpen garaipenak eta haren erretorika protekzionistak, ordea, izozkailuan sartu zuten akordio hori. Europako hainbat hiriburutan ez zen izan kexu handirik, aurkako asko zituelako TTIPek, batez ere nekazarien eta ezkerreko taldeen aldetik.

Pazifikoko frontea

AEBen eta EBren arteko su etenak Atlantikoko gerra komertziala isilduko du, aldi baterako behintzat, baina agerian utziko du merkataritzaren benetako borroka tokia Pazifikoan dagoela, han dagoelako Trumpen benetako mamu beltza: Txina. Haren produktu merkeei leporatzen die AEBetako hainbat estatutan gertatu den desindustrializazioa, eta Txinari ere espioitza industriala egozten dio, sektore askotan duen desabantaila teknologikoa txikitzeko. Europarekin paktua lortuta, AEBetako presidenteak indargabetu egin du Txinaren eta EBren arteko balizko koalizioa, eta MME erreformatzeko saioaren bitartez aliatu ere izan dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.