Koronabirusa. Eragina ekonomian

Enpresa gehiago ixten ari dira

Sidenor, Tubacex, Aernnova eta Tubos Reunidosen langileen presioak eten du ekoizpena

CAFen irudia, atzo. Astelehenean itxi zuten, langileen presioaren ondorioz. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Geroz eta enpresa gehiago ixten ari dira Euskal Herrian, eta, horrekin batera, aldi baterako lan erregulazio dosierrak ugaritzen. Goizean, Aernnovak Berantevillako fabrika itxi zuen (Araba), eta Tubos Reunidosek Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia) dituenak. Arratsaldean, bide hori hartu zuten Sidenorrek(Basauri, Bizkaia) eta Tubacexek (Laudio eta Amurrio, Araba). Guztietan, langileen protestek behartu dute itxiera, argudiatzen baitzuten ezin zirela bete birusa ez zabaltzeko neurriak.

Tubos Reunidosen ez dute zehaztu noiz arte itxiko duten, baina bai erregulazio dosier batean zabalduko dutela: langileak langabezian egongo dira, Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiaren harira zehaztu dituen baldintzetan.

Aernnovan, berriz, astelehenera arte gelditzea hitzartu dute; egun horretan berriz bilduko dira langileen ordezkariak eta enpresako buruzagiak, aurrera begirako erabaki bat hartzeko. Langileek gaitzaren aurkako nahiko neurririk ez zegoelako salatu zuten, eta horren ondoren erabaki zuen zuzendaritzak gelditzea.

Horixe bera salatu dute Trapagarango Productos Tubulareseko langileek eta ITP Aerok Barakaldon eta Sestaon dituen lantegietako beharginek. Kasu horietan, haiek eten dute euren jarduna, akordiorik gabe, enpresek jarritako segurtasun neurriak eraginkorrak ez zirela salatu ondoren.

ITP Aeroko langileek, urrats bat gehiago egin, eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzan salatu dute segurtasun falta. Gogoratu dute aurreko astean osasun zerbitzuek agindu zutela hiru langile etxera bidaltzeko berrogeialdia egitera, koronabirusak gaixotu izanaren sintomak zituztelako. Aste bat geroago, hamabi langile daude berrogeialdian, eta batek positibo eman du; gainontzekoak emaitzaren zain daude.

Horiez gain, beste enpresa handi askotan eskatu dute jarduna eteteko. LABek jakinarazi duenez, Nemarken, Dyfen eta Fudiken Euskal Herriko plantetan. Horren harira, sindikatuak gobernuen jarrera salatu du, eta ezinbestekoak ez diren sektore guztietan jarduera eteteko eskatu du, eta geldialdien ondorioz langileek inolako kalterik ez izateko. Enpresei eskatu die baimen ordainduak emateko, eta, erregulazioak daudenean, soldatak %100 izan daitezen bermatzeko, osagarrien bidez.

Garbiñe Espejo Euskadiko CCOOko Antolakuntza idazkariak adierazi zuen sindikatuan aldi baterako enplegua erregulatzeko dosier «zaparrada» bat ari direla jasotzen egunotan, «hiru lurraldeetatik eta sektore guztietatik».

Espejok gaineratu zuenez, kaleratzeen berri ere izan dute, gehienbat norbanakoenak, eta iragarri zuen auzitara joko dutela. «Alarma koiuntural batean gaude, aldi baterakoa, denboran iraungo duena, eta, beraz, enpresetan hartu beharreko neurriek aldi baterakoak izan behar dute. Kaleratzeek ez digute balio: neurri mugagabe bat da hori».

Espejok gogorarazi zuen egungo egoeran lan erregulazio dosierren bat egitea ez dela enpresek duten aukera bakarra. Enpresek badituzte beste neurri batzuk esku artean gastuak txikitzeko, eta horien artean aipatu zituenordutegi poltsak, lanaldi murrizketak eta egokitzapenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.