GHK-k helegitea jarriko dio Espainiako Kontu Auzitegiaren ebazpenari

EAJk eta PSE-EEk astelehenean eramango dute gaia GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioren ezohiko batzarrera. Gehiengoa daukate

Intxaurrandieta eta Errazkin, EH Bilduk antolatutako ekitaldi batean. LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Orain bi aste eman zuten GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko arduradun ohi Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari buruzko epaia: errugabetu egin zituen Espainiako Kontu Auzitegiak. GHK-ko oraingo arduradunek jo zuten auzitara, 2013an Zubietako erraustegiaren proiektua geratu zutelako; geldiarazte horrek ekarritako gastua Intxaurrandietak eta Errazkinek pagatzea nahi zuten: 46 milioi euro. Auzitegiak eskaria atzera bota zuen, baina auzibideari eutsi egingo diote salatzaileek: astelehenean ezohiko bilera bat egingo du GHK-k, eta helegitea jartzea proposatuko dute arduradunek. EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa, eta, beraz, ez dute arazorik izango aurrera jarraitzeko.

Kontu Auzitegiak arrazoi eman zien Bilduko arduradun ohiei, eta, areago, ohartarazi zuen geldiarazitako errauste plantaren proiektua «gaindimentsionatuta» zegoela. Hori defenditu zuten Intxaurrandietak eta Errazkinek berak auzitegian: finean, kaltea baino gehiago, onura ekarri ziola erabaki horrek Gipuzkoari. GHK ez dago ados auzitegiaren ikuspegiarekin, eta txosten juridiko bat egin du epaiari buruz. Txosten horren arabera, Zubietako azpiegituraren proiektua «gaindimentsionatuta» egoteak ez du galarazten errauste plantak funtzionatzeko aukera.

Gorenera iristeko aukera

GHK-ko egungo arduradunek diote arrazoi sendoak daudela epaiaren aurka helegitea jartzeko. Partzuergoan gehiengoa dutenez, uste izatekoa da aurrera egingo duela haien proposamenak. Kontu Auzitegian bertan jarriko lukete helegitea, eta hango beste sala batek aztertuko luke kasua. Helegiteetan aurrera joz gero, Espainiako Auzitegi Gorenera ere irits daiteke kasua.

EAJk eta PSE-EEk maiz nabarmendu dute «botere desbideratze oso larria» izan zela Bilduko ordezkariek hartutako erabakia, eta horrek ekarritako kalte ekonomikoa beren gain hartu beharko dutela. Auzipetuek, berriz, salatu dute «mendekuz» jokatzen ari direla jeltzaleak eta sozialistak, eta pozik azaldu ziren Kontu Auzitegiaren epaiarekin: «Bakoitza bere tokian jarri du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.