Bilbon amaren ondoan hilotz agertu den umearen heriotza ikertzen ari dira

Ahizpa zaharrago batek aurkitu ditu; haurra ezin izan dute osatu, eta ama larri dago. Bi hipotesi dituzte: amak hil izana, ala beste norbaitek
Konorterik gabe agertu ziren ama-alaben etxearen ataria.
Konorterik gabe agertu ziren ama-alaben etxearen ataria. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Erredakzioa -

2019ko urtarrilak 18
Asteazken gauean, emakume gazte batek abisu eman zien larrialdi zerbitzuei; Bilboko Atxuri auzotik deitu zuen, adieraziz etxera heltzean ama eta ahizpa txikia konortea galduta aurkitu zituela, ohe berean etzanda. Aurki heldu ziren medikuak, baina ezin izan zuten ezer egin ahizpa salbatzeko: 9 urteko haur bat zen; hantxe hil zen. Ama, aldiz, bizirik eraman zuten erietxera; bihotza geratua zuela aurkitu zuten, baina suspertzea lortu zuten. Basurtuko ospitalean eman zuen atzo eguna, oso larri. 40 urteko emakumezko bat da.

Ertzainek ikerketa bat abiatu dute jazoera argitzeko. Uste dute homizidio bat izan dela: haurraren heriotzaren kausa substantzia toxikoren bat izan daitekeen susmoa dute. Ertzaintzako iturriek berri agentziei jakinarazitakoaren arabera, bi hipotesi aztertzen ari dira: amak hil zuela haurra, ala beste pertsona batek egina dela krimena. Izan ere, ama-alaben alboan eskuz idatzitako testu bat aurkitu dute, baina ez dakite nork idatzia den.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, bortxa zantzurik ez dute ikusi umearen gorpuan; hainbat hedabideren arabera, ordea, amak bazituen zauri arin batzuk. Poliziek orduak eman zituzten atzo familiaren etxean. Nolanahi ere, umearen hilotzari egingo dioten autopsia garrantzitsua izango dela uste dute. Emaitzen zain daude. Amari ere deklarazioa hartu nahi diote, suspertzen denean.

Bi alabekin eta bilobarekin

Informazio ofizialean, hortik harago ezin izan zen sakondu atzo, eta hainbat hedabidek ama-alaben inguruari buruzko datuak eman zituzten, haien bizilagunen lekukotasunei erreparatuta. Adierazi zuten banandutako emakume bat zela hildako haurraren ama. Alabekin bizi zen: hil den umearekin, 19 urteko alaba zaharragoarekin, eta azken horren 2 urteko umetxoarekin. Laurak bizi ziren elkarrekin George Steer kalean. Inguruan errotutako familia bat zela adierazi dute hainbat auzok: «Aspalditik ezagutzen genuen sendi hori».

Hainbat bizilagunek erantsi dute osasun arazoak zituela emakumeak: istripu baten ondorioz mugitzeko zailtasunak zituela, eta oinazeek erasaten ziotela. Nahasmendu psikologikoren bat izan zezakeela ere esan dute gertuko hainbat pertsonak.