Amiantoak 35 langile hil zituen 2018an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Kopurua gora doa, 2017an hogei hildako zenbatu zituelako Asviamiek. Hilak «askoz gehiago» direla uste du, baina ez da estatistika ofizialik

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Amiantoak hildako langileen kopurua handitu egin zen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Asviamie elkarteak 35 zenbatu zituen; 2017an, erakunde horrek berak hogei izan zirela zabaldu zuen. Kopuruaren igoera ez da ustekabea izan, ikerketek erakusten dutelako zenbakiek gora egingo dutela datorren hamarkadaren erdialdera arte. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatu dutenez, urtean 110.000 lagun inguru hiltzen dira amiantoren hautsa arnasteak eragindako minbizien ondorioz; iaz kaleratutako beste azterketa batek dio urtean 255.000 hil eragiten dituela.

Amiantoak hildakoen datu ofizialik ez dago Euskal Herrian. Asviamie elkarteak onartu du berak emandako kopurua jakin dituen kasuei besterik ez dagokiola. «Askoz gehiago izango dira», ziurtatu zuen atzo Jesus Uzkudun elkarteko bozeramaileak. Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean egin zituen adierazpenak Uzkudunek, elkarteko kideek egindako elkarretaratze batean. Haren bidez babesa eman nahi zieten auzitegiaren barruan amiantoarekin lotutako bi epaiketatan salatzaile izan direnei.

Kalte-ordain eskaerak

Horietako batean, hildako langile baten senideek 154.000 euroko kalte-ordaina eskatu diete Plasticos Tolosa eta Hayward Iberica enpresei, uste baitute han amiantoarekin kontaktuan lan egiteagatik izan zuela biriketako minbizia.

Beste epaiketan, berriz, CAF, Viuda de Garmendia Construcciones eta Gutierrez Cuesta Eulogio enpresak dira salatuak; langile baten familiak 90.000 euroko kalte-ordaina eskatu die, lantegi horietan margolari gisa egindako lanak pleurako mesotelioma—minbizi mota bat— eragin ziolakoan. Kasu batean zein bestean, amiantotik babesteko neurriak ez hartzea egotzi die Asviamiek enpresei.

Nafarroan, amiantoaren biktimen senideen bi elkarte daude: Ananar izenekoak badaramatza urte batzuk funtzionatzen, eta Adavan elkartea iazko maiatzean sortu zuten, Asviamieren laguntzarekin.

Amiantoari «hiltzaile isila» ezizena jarri diote, haren hautsa arnastu eta urte batzuetara eragiten duelako minbizia. Gaur egun erretiroan dauden langileak dira biktima gehientsuenak, baina badira langileen arropa garbitzeagatik hildakoak ere.

Uzkudunek emandako datuen arabera, 9.850 lagun daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoarekin lan egindako langileak biltzen dituen erregistroan. Urtero mila langile gehiago biltzen dituzte. Nafarroako zerrendan 3.000tik gora langile daude.

Amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko funts bat sortzea da Asviamieren eta beste biktimen elkarteen eskaera nagusietako bat. Eusko Legebiltzarrak bitan egin dio eskaera Espainiako Kongresuari, aho batez, uste baitu eskumena harena dela. Azken eskaera 2017ko martxoan iritsi zen Madrilera, baina diputatuek artean ez dute eztabaidatu. Frantzian horrelako funts publiko bat dagoela gogorarazi du Uzkudunek, eta hari esker saihesten dutela biktimek auzitara jo behar izatea, «tortura judizial bat delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.