GKEek arma salmenta salatu dute Eusko Legebiltzarrean

Loiuko aireportutik bidalitako lehergailuen eta beste garraioen berri ote duen galdetu dio Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari

Iñigo Satrustegi.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio azpiegiturak gerra armamentua garraiatzeko erabili izana salatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean Sofia Marroquinek, Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearen ordezkariak. Autokritika ere egin zuen, koordinakundean bilduta dauden 80 erakunde baino gehiagoren izenean: haren ustez, «ulergaitza» da euskal GKEk gerra eremuetan egiten duten lana, han «Bilbotik doazen armak lehertzen badira». Armagintza sektorearen geroaz ere mintzatu zen: enpresek giza eskubideak bermatuko dituen eredu iraunkorrago batera «igaro» beharko luketela azpimarratu zuen.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari leporatu dio 2007an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen lankidetza legeak ezarritako konpromisoa bete ez izana. 2012tik, EAEko aurrekontuen %0,7 lankidetzara bideratu beharko lituzke, baina egun %0,39koa baino ez da laguntza, Europako batez bestekoaren azpitik. Halere, Jaurlaritzari aitortu dio lankidetzaren aldeko konpromiso «irmoa» duela, oztopo burokratikoak badiren arren.

Gobernuaren informazioaz

EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PPko legebiltzarkideek bat egin dute Marroquinek Giza Eskubideen Batzordean azaldutako kezkarekin. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Galdera parlamentario baten bidez itaundu dio ea arma garraioaren berri al zuen, eta ea baimendu zuen hilaren 7an Loiuko (Bizkaia) aireportutik lehergailuak bidaltzea gerran dauden herrialdeetara. Baiezkoa izatekotan, Martinezek nabarmendu du «koherentzia falta» legokeela gobernuaren mezuaren eta benetako egoeraren artean. Aitzitik, garraio horien berri ez izatea azpiegituren erabileraren gaineko ezagutzarik ez izatea dela esan du. «Arduragabekeria larritzat» eman ditu biak ala biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.