Behin-behinean aske utzi dute tatuatzailea, fiskalak zigor eskaria gogortu arren

Hamabi emakumek ezarritako salaketengatik epaitu dute Donostiako gizon bat. Fiskalak 28 urteko zigorra eskatu du; defentsak, absoluzioa

Tatuatzailearen aurkako epaiketaren azken saioa, herenegun. JUAN HERRERO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Kartzelan urte eta erdi eman eta gero, aske da Donostian emakume batzuei eraso egiteagatik epaitu duten gizona. Tatuajeak egiten aritzen zen, eta, salaketen arabera, sexu ukituak eta iruzkin sexistak egiten zizkien emakumeei; bat etorri dira haien lekukotasunak. Epaiketa herenegun amaitu zuten, akusatuaren beraren deklarazioarekin: ukatu egin ditu salaketak, eta esan du azpijoko bat dela, «negozioa» kendu nahi diotela. Epaiketa amaitu denean, orain arteko ildoa aldatu egin du epaileak: sententzia eman arte libre utzi du gizona, aintzat hartuta urte eta erdi egin duela kartzelan.

Fiskalak zigor eskaria gogortu eta gero hartu du erabakia epaileak: 22 urteko eskaria egina zuen aurretik, eta 28 urtera igo du. Defentsak absoluzioa eskatu du. Herenegun amaitu zuten epaiketa, eta defentsak egin zuen gizona askatzeko eskaria: kalean egon dadila epaia eman arte. Fiskalak eta akusazio partikularrek —emakumeetako batzuek— ez askatzeko eskatu zuten, baina epaileak defentsaren tesiarekin bat egin du: urte eta erdi egin duela kartzelan jada, eta absolbituko balute «kalte erreparaezina» izango lukeela orain arteko zigorrak; areago, gizonak jasandako «epaiketa mediatikoa» ere aipatu du epaileak. «Epaia bat edo beste izan, kalte pertsonala ezingo da konpondu».

Donostiako Udaltzaingoak iazko otsailean atxilotu zuen tatuatzailea. Denera 21 andreren salaketak jaso zituen, baina hamabirenak iritsi dira epaiketara. Akusazio idazkiaren arabera, gizona urteetan aritu zen andreei eraso egiten: 2013tik 2018ra. Delitu hauek leporatu dizkiote akusatuari: hiru sexu eraso, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen eta derrigortze bat. Biktimetako batek sare sozialetan egindako salaketaren ondoren abiatu zuten ikerketa, eta hara bildu ziren andre gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.